Ohi modura, Aberri Egunaren aurreko asteburuan ospatu du Euzko Gaztedi (EGI) Gazte Erakundeak
EGI Eguna. Aurten,
Mundaka aukeratu dute egun hori ospatzeko. Hainbat izan dira kostaldeko herrira bertaratu diren EGIko gazteak, bai eta Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) ordezkariak ere. Hala, Mundakan izan dira, besteren artean, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, EBBren presidente Andoni Ortuzar eta Mundakako alkate Aitor Egurrola.
Gaurkoa jai eguna badute ere, EGIko gazteek euren
egonezinak plazaratzeko aukera izan dute, bai eta
urtean zehar egindako lana azaltzeko ere. Era berean, EGI “inoiz baino biziago” dagoela aipatu dute gaur gazteek.
Zuri Dagokizu goiburupean, zortzi kidek ahotsa jarri diete gazteria kezkatzen duten gai nagusiei. Besteak beste, bakea eta bizikidetzaz, kultura eta euskaraz, enpleguaz, berdintasunaz, politika sozialez, aisialdiaz eta gazteak eta politikaz hitz egin dute gazteek goizeko ekitaldian. Ekitaldi politikoa hasi aurretik, baina, ikurrina altxatu dute.
Bi gazte ikurrina altxatzen
Andoni Ortuzar
Ondoren, Andoni Ortuzarrek hartu du hitza. Gazteei esan die “etorkizunak euren buruetatik, eskuetatik eta konpromisotik” etorri behar duela. Gaurko agerraldian ezker abertzalearen aurkako hitzak eduki ditu Ortuzarrek: “Hemen, batzuk herria eraikitzen ari ginen bitartean, beste batzuk, pankarta baten atzean, gu kritikatzen eta epel deitzen. Eurak omen ziren benetako abertzaleak, abertzale bakarrak. Eta euskal gazteen izenean hitz egiten omen zuten. Hemen betigazte asko egon dira beti , palestinoa eta polarra jantzita euskal gazteriaren zati handia erakarri zuten, eta gero gertatu zen gertatu zena”.
“Politika berriak” egiten dituztenen aurka ere aritu da: “Entzungo zenuten egun hauetan; batzuentzat helburu nagusiena EAJ eraundeetatik kanporatzea da. Horixe da beren egitasmo bakarra”. EAJren helburu bakarra, berriz, lana sortzea dela esan du Ortuzarrek, “eta lanean ari gara gazte guztiek lanpostu duin bat eduki dezaten”.
“Euskadik etorkizuneko ideiak behar ditu”, esan du Ortuzarrek, “etorkizunari begiratuko diotenak, eta ez iraganeko kontuak ekarriko dituena”, gaineratu du.
Ortuzarrek azaldu modura, “Zazpiak bat berria gura dugu. Euskal herrialde guztien lankidetza sustatu behar dugu, hegoaldeak eta iparraldeak elkarrekin lan eginez”.
Ekitaldi politikoa amaitzerakoan, EGIko gazteek Mundakako kaleak zeharkatu dituzte trikipoteoan. 150 gazte inguruk, berriz, Mundakako Talako pilotalekuan jarri duten karpan bazalduko dute.
Arratsalderako hainbat jarduera eta joko antolatu dituzte 19:30eraino, ordu horretan hasiko baitte bertso poteoa herriko kaleetan zehar.
Eguna amaitzeko,
22:30etik aurrera I am basque fest jaia egingo dute DJ batekin Talako pilotalekuko karpan.