EH Bilduk dio parte-hartzerik gabe onartuko direla aurrekontuak
2016ko aurrekontuak osatzeko prozedura baztertzailea eta iluna kritikatu du koalizio abetzaleak. 17 milioi euroko diru sarrerak aurreikusten direla esan du urte honetarakoMartxoaren 30ean bilkuran onartu behar diren 2016ek aurrekontuetarako, 17.031.200...
2016ko aurrekontuak osatzeko prozedura baztertzailea eta iluna kritikatu du koalizio abetzaleak. 17 milioi euroko diru sarrerak aurreikusten direla esan du urte honetarako
Martxoaren 30ean bilkuran onartu behar diren 2016ek aurrekontuetarako, 17.031.200 euroko sarrerak aurreikusi direla adierazi du Gernika-Lumoko EH Bilduk, iaz baino 300.000 euro gutxiago.Atzo Maria Agirre Aretoan egindako prentsaurrekoan koalizioak salatu zuen aurrekontuak eratzeko prozedura ez dela gardena izan, eta haien zalantzak eta ekarpenak ez dituela kontutan hartu udalak.
Horregatik, martxoaren 30ean, udal gobernuaren gehiengoari esker onartuko diren aurrekontuetako legezko Ogasun Batzordean, ez direla egongo adierazi dute EH Bildukoek.
«Ez da egon tarterik aurrekontuetan parte hartzeko, ez borondaterik ere udalaren aldetik», adierazi du Bego Landa EH Bilduko zinegotziak. «Bost eguneko tartea eman zaigu aurrekontuei ekarpenak egiteko, eta hori ez da prozesu parte hartzaile bat».
Aurreko urteetan bezala, prozesu parte hartzailea ez izatea leporatu diote udalari koalizioak.
Zalantzazko diru-sarrerak
Udalak aurreikusten dituen 17 milioi euroko diru-sarrerei dagokienez ere, zalantzak aurkeztu ditu koalizioak: «Guk ez dugu uste 17 milioko sarrerak bermatuta daudenik», azaldu du Jose Ramon Bilbao Bulik.
Koalizioko kideek aurrekontuetan azaltzen den lur sail baten salmentak 150.000 euroko sarrera aipatzen dela diote, baina kritikatu dute ez dela zergatia edota eroslerik den zehazten.
Gastuei dagokionez, hauek xehatuta egon arren, «modu ilunean» azaltzen direla esan zuten atzo.
«300.000 euro jartzen dira obrentzako, baina ez da zehazten zein obretan egingo diren gastuak», kexatu dira koalizio abertzaletik.
Kontraturik gabe
TAO/OTA zerbitzuaren kontratuari dagokionez, EH Bilduko ordezkariek azaldu dute egoerak bere baitan jarraitzen duela, nahiz eta diseinatuko «sistema defizitarioa» izan, bai kudeatzen duen enpresarentzat, bai Gernika-Lumoko udaletxearentzat ere.
«Kontratuaren arabera, zerbitzua defizitarioa bada, udalak egin behar dio aurre zorrari», azaldu du Bilbaok.
Egoera horri erantzuteko, koalizio abertzaletik adierazi dute zorra sortu duen sistema batekin ezin daitekeela jarraitu, eta momentua dela TAO sistema berri bat planteatzeko.
«Horretarako erabakiak ez dira udaletxe bateko bulegoan hartzen, denon iritzia hartu behar da kontutan, aukera desberdinak kontutan hartuz, eta hasi behar gara pentsatzen OTA sistema planteatuta dagoen moduan beharrezkoa den ala ez», zehaztu zuten.