Umeen abesbatzako saioak egingo dituzte Ibarrangelun, datorren astean
Eskola umeen Aste Santuko oporraldirako bi saio berezi prestatu dituzte.
Datorren astelehen –hilak 21– eta eguaztenean–hilak 23– izango dira aipatu saioak. 11:00etatik 12:30etara batuko dira umeak udalerriko kultur etxean.
Sei eta hamabi urte bitarteko umeek arnasketa ariketak, ahots erabilera teknikak, eta joko musikalak landuko dituzte. Hain zuzen ere, joko musikalen atal horretan, Euskal Herriko eta mundu osoko abestiak jokoen bidez kantatuko dituzte.
Kultur etxean izena eman
Parte hartzeko asmoa dutenek, zapatua dute izena emateko azken eguna. Kultur etxean (Ibaeta, 4) eman behar da izena, eta bost euro ordaindu behar dira. Bertaratzerik ez dutenentzat hau da kultur etxeko telefono zenbakia: 946 276 198.