Koalizio abertzaleak dioenez, 2016ko udal aurrekontua egiteko bere galderak eta zalantzak ez ditu erantzungo udalak.”Argi utzi digute ez dituztela gure zalantzak argituko ezta gure ekarpen bat bera ere kontutan hartuko. Beraz, itxita daude aurrekontuak”.
Aurrekontuek ez dute zehazten nola ordainduko den udalak OTA/TAO kudeatzen duen enpresarekin duen 600.000 euroko zorra
Negoziaketak “fikziozkotzat” jo dituzte, eta legeak ezartzen dituen aurrekontuak onartzeko negoziaketetan ez parte hartzea erabaki dutela adierazi dute.
Erabaki hori azaltzeko, koalizio abertzaleak aurrekontuetan argi ez dauden zenbait gai aipatu ditu. Besteak beste, dio, udaletxeak OTA/TAO zerbitzuarekin duen 600.000 euroko zorra nola ordainduko den ez duela zehazten aurrekontuak. Halaber, zehaztu gabeko proiektuetan 300.000 euro inbertituko dituztela aipatu du koalizioak.
Bidegorria eraikitzeko, udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko 80.000 euroko diru laguntza jasoko du udalak, eta, 200.000 euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu arren, aurrekontuetan 1.000 euro besterik ez direla jaso ere kritikatu du EH Bilduk.
Horrez gain, “auzotarrek nahi ez duten Santa Luziako obra faraonikoarekin” jarraituko dutela dio EH Bilduk, baina herriak eskatu dituen obretarako ez dagoela dirurik: “ Ez Pasilekurako, ez herritarrok erabiltzen ditugun kirol instalazioetarako, ez guztiz beharrezko ikusten den liburutegi berrirako ere”.
Bestalde, aurrekontuak bermatu gabeko diru sarrerak ere jasotzen dituela salatu dute. Lursail publiko baten salmentagatik 150.000 euroko diru sarrera ere jaso dituzte 2016ko aurrekontuek, baina, koalizioak dio ez dutela salmentaren zergatia edo eroslerik duten azaldu. Elkartegia eraikitzeko milioi erdi euro baino gehiagoko sarrera ere aurreikusten dute, eta obraren lizentziagatik eta zabalduko omen diren komertzio gehiagoengandik ere tasen igoera ere aurreikusten dute aurrekontuok. “Segurua ez den diruarekin kontatzen du Udalak”, EH Bilduren iritziz.