Fiskalak 86 urteko zigorra eskatu du Goieaskoetxea busturiarrarentzat
Auzipetuaren abokatu Jone Goirizelaiak, absoluzioa eskatu du; haren arabera. «ez baita frogatu Goieaskoetxeak atentatuan parte hartu zuenik»Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin zuten atzo Eneko Goieaskoetxea busturiarraren kontrako epaiketaren bigarren...
Auzipetuaren abokatu Jone Goirizelaiak, absoluzioa eskatu du; haren arabera. «ez baita frogatu Goieaskoetxeak atentatuan parte hartu zuenik»
Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin zuten atzo Eneko Goieaskoetxea busturiarraren kontrako epaiketaren bigarren saioa. Horretan, 86 urteko zigorra eskatu zuen fiskalak Eneko Goieaskoetxearentzat. Hain zuzen ere, 1997an Bilboko Guggenheim museoaren aurkako erasoan ustez Espainiako Errege ohia hiltzen saiatzeagatik epaitzen ari dira Eneko Goieskoetxea busturiarra.Epaiketa hasi aurretik, fiskalak 95 urteko zigor eskaera egin zuen Goieaskoetxearentzat. Orain, baina, 9 urte murriztu du busturiarraren aurkako eskaera, ez baitio talde armatuko kide izatea leporatu; izan ere, dagoeneko delitu horregatik epaitua izan baita. Hala, zehazki, 86 urte eta 5 hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen atzo Goieaskoetxearentzat.
Besteak beste, Koroaren aurkako delitua, ustez Txema Agirre ertzaina hil izana eta gerra-armak edukitzea leporatu dio Ministerio Publikoak.
Auzipetuaren abokatu Jone Goirizelaiak, bestalde, absoluzioa eskatu du; haren arabera, ez baita frogatu Goieaskoetxeak atentatuan parte hartu zuenik. Auzitegiak kontrakoa baderitzo, zigorrak txikiagoak izan daitezen eskatu du, «atentatuaren helburua Guggenheim Museoa zelakoan, eta ez Espainiako errege ohia».
Lehenengo saioa
Otsailaren 11n egin zuten epaiketaren lehenengo saioa. Goieaskoetxeak uko egin zuen Guggenheimen aurkako atentatu saiakeran parte hartu izana. Bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun zien, eta, ETAko kide zela ere ukatu zuen. Halaber, Katu izeneko taldearen berririk ere ez zuela esan zuen busturiarrak, eta ez zuela inoren agindurik hartu.
Kepa Arronategi preso politiko gernikarrak, ere deklaratu zuen otsailarren 11ko saioan, defentsaren lekuko gisa. Goieaskoetxeak ez zuela parte hartu esan zuen; torturapean eta senideen kontrako mehatxupean deklaratu zuela esan zuen Arronategik.