Azken 24 urteetan Sukarrietako alkate izandako Peru Sainz de Vizcayaren heriotzaren ostean, Jose Felix Mendizabal Azkuek hartu du alkate kargua. Atzo arratsaldean [martxoak 3] egindako ez ohiko osoko bilkuran hartu zuen, hain zuzen ere, kargua. Zinegotzi modura egon den lehen agintaldia izan da, orain, berriz alkate kargua “ilusioz eta erantzukizunez” hartzen duela esan du.
Jose Felix Mendizabal alkate berria
Sarrera diskurtsoan Peruk egindako lana goraipatu zuen Mendizabalek: “Berak herria maite zuen modura maitatzea espero dut nik ere”. Era berean, gobernua zein oposizioa, “herriaren alde lan egitera” animatu ditu.
Ahal den neurrian dagoeneko martxan jarri diren saneamendu lanen eraginak arintzeko lan egingo duela esan du; izan ere, lan horiek “herrirako ezinbestekoa den eremu bat bi urtez sakrifikatzea suposatzen dute”. Hala ere, egin beharreko lan horiek “guztiz beharrezkoak direla” nabarmendu du alkate berriak: “Lehenengo onuradunak Sukarrietako herritarrak izango gara, etorkizunean bainu librez eta ur osasuntsuko hondartzaz gozatzeko aukera izango dugulako”.
Ez ohiko osoko bilkura horretan, bestalde, zinegotzi kargu berriak hartu dituzte Maria Barrena Zabalak eta Agustin Elorriaga Balsategik.