Bermeok
suspertze sozioekonomikoa behar du Izartu Bermeoren ustez. Horien arabera, turismoa ekonomiarako eragile nagusietako bat bilakatu da azken urteetan. Bizkaiko lurralde historikoaren barruan,
Busturialdea turismorako erreferente bihurtu dela diote, “eta eskualdean, Bermeo da alor horretan aberastasun gehien biltzen dituen herrietako bat”. Hori dela eta, Izartu Bermeo plataformak turismoa indarberritzeko proposamena aurkeztu dio Bermeoko udal gobernuari.

Izartu Bermeo plataformako kideak proposamena aurkezteko agerraldian. Eskuman, Iker Aguado zinegotzia.
Aurkeztu duten proposamenaren bitartez,
turismo datuak hobetu daitezkeela uste dute “gaitasun eta aukera handiak aurreikusten direlako”. Izartu Bermeoren arabera, elkarlanaren bitartez, baliabideen “erabilera egokiagoa eta aberasgarriagoa” egin daiteke. Horretarako, Iker Aguado zinegotziak azaldu modura “zenbait alor ezberdin bultzatu eta horien bitartez turismorako eskaintza zabalagoa eskaintzea onuragarria litzateke”.
Proposamenak, beraz, herriko eskaintza turistikoa handitzea du helburu,
bisitari kopurua gehitzeko eta bisitariek egiten duten ekarpen ekonomikoa eta herrian ematen duten denbora handitzeko. Horretarako, Izartu Bermeok udal ordezkari eta eragile turistikoen
lan mahaiaren berrantolaketa eta eraldaketa egitea proposatzen dio udal gobernuari. Aipatu lan mahaia bi hilerik behin batu beharko litzatekeela uste du Izartu Bermeok. Turismo arloko enpresa, eragile eta agenteekin batera, Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak batzea eskatzen dute “ikuspuntu ezberdinak uzratrtu eta proposamenen bideragarritasuna eztabaidatzeko aukera izateko”.
Lan mahai horretan landu daitezkeen zenbait proposamen ere aurkeztu dituzte. Horien arabera,
turismo bulegoak berrantolaketa bat behar du. Herriko produktu tipikoen
erakusleiho izan beharko luke.
Gaztelugatxen informazio puntu turistiko baten beharra ere ikusten dute, eta bertara doazen bisitariak herrira bertaratzeko informazioa ematea beharrezkoa dela uste dute. Beste herri batzuetan egiten den modura,
pintxoen ibilbide turistiko bat antolatzea ere ondo legokeela diote.
Bestalde, herriko historiaren informazioaren promozioa handitu beharra eta Zarragoitxiko Gazteluaren aurkikuntza egokitzearen beharra ere ikusten dute.
Izartu Bermeoren ustez, gainera, herriko produktuen salmentarako denda bat irekitzeko erraztsunak ematea beharrezkoa litzateko, bai eta arrain freskoa dastatzeko eskaintza emango lukeen jatetxe batena ere.
Aurkeztu duten turismorako plangintza hau, suspertze ekonomikorako lehen urratsen plangintza bat dela azaldu dute:” Izan ere, herri mailatik bultzatutako ekonomiaren dinamizaziorako eta enplegurako plan baten oinarriak ezartzea da helburua. Hortaz, plangintza hau
ondorengo plan nagusi baten abiapuntutzat jo daiteke”.