Morgako pilotalekua inauguratuko dute zapatuan
Udalak frontoia berriztatu du
17:30ean hasita, emakumezkoen eta gizonezkoen pilota partidak izango dira ikusgai.
Lehenengo, Larrabetzuko Txokoan Emakume Pilotarien elkarteko kideen jokoaz gozatzeko aukera egongo da. Arrate Gaztelu eta Ainhoa Alaiogoikoa bikotea Irati Etxebarria eta Ane Baraiazarra bikotearen kontra lehiatuko dira.
Ondoren, Lehenengo mailako pelotariek jokatuko dute. Aitor Etxebarria nabarniztarra eta Beñat Mendia zeanuritarra ariko dira nor baino nor gehiago.
Aurrekontua
Udalak 167.000 euro inguru bideratu ditu frontoiko lanak egiteko. Horietatik, 63.727 euro Eusko Jaurlaritzako Erein programatik jaso ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 12.300 euroko diru laguntza eman dio.
Teilatua dena aldatu, barrutik eta kanpotik margotu, eta frontoia babesten duten xaflak ere aldatu dituzte. Halaber, argiztapenari dagokionez foku berriak ipini dituzte.