Ibarrangeluarrek eta bermeotarrek, 1937. urteko martxoaren 5eko Matxitxakoko Batailan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte, 79. urteurrenean. Zapatuan egingo dute ekitaldia, Ibarrangeluko Akorda auzoan. Hain zuzen ere, Juan Telletxea
Bou Nabarrako gudaria zenaren omenezko monolitoaren inguruan bilduko dira, 19:00etan.

Batailan parte hartu zuten ontzien maketak
Bermeon, berriz, ohiturari eutsiz, domekan, Eusko Alkartasunak (EA) antolatuta, lehenbizi itsas gudarien omenezko lore eskaintza egingo dute, 11:00etan. Matxitxakon bertan egin ohi dute lore eskaintza; hala ere, aurten, eguraldi txarra iragarrita dagoenez, seguruenik, Bermeoko portuan bertan egingo dutela azaldu dute. Ondoren, 12:30ean, ekitaldia egingo dute Nestor Basterretxea aretoan.
Gainera, Matxitxakoko Batailan parte hartu zuten Euzkadiko Gudontzidi laguntzaileen eta matxinatuen ontzien maketak ikusgai jarri dituzte asteon Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Domekara bitartean egongo dira ikusgai, museoko ordutegian.