Lehendakari txapelketako lehen lasterketa zapatuan, Ereñon
XIII. Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute
Afizionatu mailako proba izango da, hau da, 19 eta 23 urte bitarteko txirrindulariak lehiatuko dira.
150 bat txirrindulari espero dituzte. Euskal Herritik, esaterako, Seguros Bilbao, Euskadi Fundazioa, Caja Rural eta Baque taldeetako txirrindulariek parte hartuko dute, eta Espainiako zenbait taldetako ordezkariak ere egongo dira.
10:30ean irtengo dira Atxoste auzotik, eta hiru bat orduko ibilbidea egingo dute BI-2238, BI-3234 eta BI-3238 errepideetan barrena. Ereñoko helmugara heldu aurretik, besteak beste, Ibarrangelu, Ea, Ispaster eta Nabarniz udalerrietatik barrena ibiliko dira.
Antolatzaileen berbetan, lasterketa nahiko “gogorra” da, eta 3.000 metroko desnibela dauka. “Gogorrenak Nabarnizko eta Natxituako mendateak dira”.
Twitterren jarraipena
Lasterketa Twitter bidez @Erenoko_kk kontuan jarraitzeko aukera egongo da, eta #erenosub23 traola erabiliko dute.