
Argazkia: Txebi Arriaga.
Gernika Bizkaiako jokalariek eskainitako ikuskizunagaz gozatu zuten atzo iluntzean Maloste kiroldegian bildutako zaleek. Garaipenak konfiantza berreskuratzeko balio izan die gernikarrei.
Lehen zatia erabakiorra izan zen. Etxekoen talde lan ikaragarriaren ondorioz, aurkariak puntuak pilatzeko aukera gutxi izan zituen. Gernika Bizkaia eroso zebilen kantxan, bere jokoa egiteko oztopo gutxirekin. Hala, 30-7 amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenean lasaiago aritu ziren etxekoak, eta Bembibrek aldea murrizteko aprobetxatu zuen. 39-22-ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Gero, garaipena ziurtatzeko lanean, Gernika Bizkaia 20 puntuko aldeagaz jarri zen. Eroso jokatzen zebilen talde gernikarra, eta aurkaria ondo estutzen asmatu zuen. 63-38-ko emaitzagaz ekin zioten azken txanpari.
Egindako lanagaz “pozik”
Mario Lopez Gernika Bizkaiko entrenatzailea pozik agertu zen lortutako garaipenagaz, eta taldeak egindako lana nabarmendu zuen: ” Garaipen erosoa izan da. Denek oso ondo lan egin dute”.
Lopezen berbetan, partidaren hasiera “giltzarri” izan zen. “Hasiera oso ona eduki dugu, bigarren laurdenean duda batzuk izan dira, eta lehen laurdenagaz alderatuta defentsan okerrago ibili gara”.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Atzoko garaipenak denboraldiko azken txanpan indarrez aritzeko balioko diela uste du Gernika Bizkaiako entrenatzaileak. Halaber, gogora ekarri zuen asteburuan Gironaren kontra jokatuko dutela, eta partida ondo prestatu beharko dutela.