Ingurumen eta Lurralde politikako Kontseiluak Gernika-Markina eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partziala onartu zuen atzo.
Urdaibai
Horren arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren antolaketa eta kudeaketa legeria sektorial espezifikoan jasotako tresnen arabera egingo da, eta lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa, erabilera, jarduera eta eraikuntza-erregimena aratuko ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak. Era berean, ekipamendu eta kokalekuen proposamenak Lurralde Plan Partzialean identifikatutakoak izango dira, baita azpiegituren eskemak ere.
Gernika-Markina eremu funtzionaleko udalerrietako hirigintza-dokumentuak ere Lurralde Plan Partzialaren xedapenetara egokitu beharko dira, baldin eta plana indarrean jartzen denean plan orokorrak edo arau subsidiarioak formulatu, berrikusi edo aldatzeko prozesuetan badaude.
Busturialdeko hogei herriei eragiten die Lurralde Plan Partzialak, baita Lea-Artibaikoei ere, eta eremu funtzionalaren lurralde-antolamendu jasangarria hamasei urterako zehaztu gura du, haren lurralde-egitura eta eredua ezarriz. Era berean, Planari egokitu beharko zaizkio udal-plangintzak, Lurralde Plan Sektorialak eta eremu funtzionalean eragina duten bestelako jardunak.
Plan Partzialak jasotzen duen lurralde ereduak oinarrizko baldintzen izaera duten helburuei jarraituz egituratu dute. Hain zuzen, 11 helburu zehaztu ditu Jaurlaritzak: Eremu funtzionaleko populazioa mantentzea; bizitoki-guneak kontzentratzea; garapen ekonomikoa sustatzea, horren oinarri den ekoizpen-espazioa sortuz eta antolatuz; berezitasunei eustea eta bultzada ematea, naturaren eta paisaiaren balioen aldetik; garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea; bizikletaren erabilera eta oinezkoentzako ibilbideak sustatzea; energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea; herritarren ekipamendu-beharrak asetzea; andeatutako guneak berroneratzea eta erabilera ezegokia edo ausazkoa duten guneak birmoldatzea; landa-ondareko eraikinak zaintzea eta balio historikoa edo/eta kulturala duten guneak birgaitzea; historia, kultura edo arkitektura aldetik balioa duen ondarearen kontserbazioa sustatzea, balio turistiko bezala.