Ugaitz Mugertzak etzi hirugarren urrezko aizkora lortu nahi du Azpeitian
Finala hiru bikotek lehiatuko dute, estreinako. Laurence O'Toole-n eta Iker Vicenteren eta Jon Rekondoren eta Ruben Saralegiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Mugertzak eta AtutxakUgaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak XVI. Eusko Label sariko ur...
Finala hiru bikotek lehiatuko dute, estreinako. Laurence O’Toole-n eta Iker Vicenteren eta Jon Rekondoren eta Ruben Saralegiren aurka neurtu beharko dituzte indarrak Mugertzak eta Atutxak
Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak XVI. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapelketaren finala jokatuko du domekan, Aitzol Atutxa dimoztarrarekin batera. Bikoteak bere hirugarren finala jokatuko du Azpeitiako (Gipuzkoako) Izarraitz pilotalekuan, 12:00etatik aurrera.Mugertza II.ak eta Atutxa II.ak, ordea, ez dute urrezko aizkora txapelketako hirugarren txapela lortzeko aukera erraz izango. Izan ere, aurkari gogorren eta indartsuen aurka lehiatu beharko dute.
Aurten, finala, biren ordez, estreinako hiru bikotek jokatuko dute. Azken bi urteotako irabazleek, hartara, alde batetik, Laurence O’Toole munduko abiadura txapeldun australiarra eta Iker Vicente munduko abiadura txapelketan bigarren sailkatua, eta, bestetik, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi nafarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. «Biak ala biak oso bikote gogorrak dira. Laurence O’Toole eta Iker Vicente, esaterako, abiadura probetan ondo baino hobeto moldatzen dira, eta horiekin kontu handia izan beharko dugu. Bestalde, Jon Rekondo eta Ruben Sarelegi ere denboraldi ona egiten ari dira».
Iturritza baserrikoak aurreratu duenez, finala irabaztea zaila izango da. Atutxa eta bera sasoiko daude, eta euren helburua lortzeko gogor saiatuko dira. «Atutxaren eta nire helburua, probaz proba ahalik eta segundo gutxien galtzea da. Hasieratik topera hasiko gara, eta azken probara alderik eta txikienaz heldu nahi dugu. Nire ustez, azken proba txapela lortzeko erabakigarria izango da».
Hamabost enbor
Finalari dagokionez, guztira, hamabost enbor moztu beharko dituzte bost probatan banatuta. Lehenik eta behin jokatuko dituzten ordulariaren kontrako bi probetan, 45 ontzako enbor bana moztu beharko dute. Ondoren, zutikako proban, 60 ontzako enbor bat moztu beharko dute, eta jarraian, abiadura proban, 60 ontzako bina enbor.
Azken-aurreneko proban, aldiz, 45 ontzako enbor bat zutik eta kanaerdiko beste enbor bat etzanda moztu beharko dute. Azken proban, ordea, lan erdira ariko dira. Kanaerdiko lau enbor eta 60 ontzako launa enbor moztu beharko dituzte.