'Oihal artean' erakusketak Paul Txertudiren diseinuak ere bildu ditu
Marta Perez Elosua argazkilariaren erakuketan ikusgai daude Txertudiren bi jantzi. Argazkilaritza eta moda biltzen ditu egitasmoak, eta emaitzagaz pozik da Txertudi.Paul Txertudi diseinatzaile gernikarraren jantziak Foru Liburutegiko areto nagusian dau...
Marta Perez Elosua argazkilariaren erakuketan ikusgai daude Txertudiren bi jantzi. Argazkilaritza eta moda biltzen ditu egitasmoak, eta emaitzagaz pozik da Txertudi.
Paul Txertudi diseinatzaile gernikarraren jantziak Foru Liburutegiko areto nagusian daude ikusgai, beste hamar bat diseinatzaile gazteren lanekin batera. Argazkietan daude erakusgai diseinuak, Oihal artean izeneko erakusketan.Marta Perez Elosua argazkilari portugaletetarraren obra da Oihal artean. Erakusketak 20 argazki jasotzen ditu, eta, diseinatzaileen lanen edertasuna jaso gura izan du argazkietan. Horretarako, diseinu bakoitza diseinatzailearen jatorriarekin eta nortasunarekin zerikusia duten lekuetan erretratatu du.
Paul Txertudi gernikarrak azaldu duenez, bere kolekzioko bi diseinu aukeratu ditu Perez Elosuak, eta Gernika-Lumoko Europa parkean atera dizkie argazkiak.
Joana Porres herrikidea izan du modelo bere diseinuak janzten, eta emaitzarekin oso gustura dagoela esan du Txertudik. «Proiektuaren berri jakin nuenean parte hartzeko prest agertu nintzen, gustura gainera. Gure lana pasarelatik kanpo ere erakusteko aukera bat da. Ekimen desberdin bat da, argazkilaritza eta moda uztartzen dituena, eta oso interesgarria iruditu zait», azaldu du gernikarrak.
Sorkuntzaren eta argazkigintzaren ikuspegitik eginda daude argazkiak, eta. osagarri legez, lau diseinatzailek egindako bozetoak eta euskaldunok historian zehar -Bizkaian bereziki- XVI eta XIX. mendeetan zehar erabilitako jantziak erakusten dituzten laminak ere badaude erakusgai.
Diseinatzaile gazteak
Formatu handiko argazkiek Jon Mikeo, Eder Aurre, Paul Txertudi, Antxia anaiak, Nerea Sanchez Bediaga, Peio Duran, Maria Blanco, Miriam Ruiz Briz, Janire Olano eta Maria Garcia Ezquerro diseinatzaileen lanak erakusten dituzte.
Diseinatzaile horiek, gazteak izan arren, moda-munduan arrakasta lortzen hasiak dira eta dagoeneko hainbat sari jaso dituzte, Getxo Moda, CreaMODA edo Bilbao International Art&Fashion lehiaketetan, esaterako.
Erakusketa apirilaren 15a bitartean izango da ikusgai; astelehenetik barikura, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Zapatuetan, aldiz, 10:30etik 13:00etara zabalduko dute erakusketa.