Udaleko lan poltsak berrikusteko eskaera egin du Mundakako EH Bilduk
Mundakako EH Bilduk udaleko lan poltsak berrikusteko eskaera egin dio udal gobernuari. Udalerako kontratatu dituzten azken langileak Eusko Jaurlaritzako lan poltsatik egin izana kritikatu eta salatu dute, gainera.
Andoni Longarte EH Bilduko zinegotziak azaldu modura, «gure programan sartu genuen garrantzitsua zela udaleko lan poltsak zabaltzea, eta zerrendak argitaratzea». Izan ere, orain arte, horiek «ezkutuan» eduki dituztela esan du, «Datuak Babesteko Legea aitzakia hartzen zuten informazioa ez emateko». Dioenez, eztabaida luze baten ostean, lortu dute zerrenda argitaratzea; bai webgunean, eta bai udaletxeko ohar taulan ere, nortasun agiriak erabilita, izen-abizenak jarri barik: «Gure alderdiak behin eta berriro eskatu duelako argitaratu dute zerrenda, eta ez Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) orain iritziz aldatu duelako».
Mundakako Udalak egin dituen azken hiru kontratatzeak, hau da, udaltzain laguntzaileenak, «udaleko zerrendatik hartu ez, eta Eusko Jaurlaritzako lan poltsatik hartu dituztelako» haserre agertu dira koalizioko kideak: «Udaleko lan poltsa alde batera utzi dute, herritarrei bertan lan egiteko aukerarik gabe utzita. Kontuan edukitzekoa da bere garaian zenbait herritarrek azterketa bat egin zutela, eta zerrendetan egoteko onartuak izan zirela». Bestalde, udaltzain laguntzaile postu horietarako, lanpostu publikorako deialdia egitea eskatzen dute, «legeak uzten duenean».
EH Bilduk, hortaz, udaleko lan poltsa guztiak zabaltzea eta gaurkotzea eskatu du, «herritarrek berriro ere horietan izena emateko aukera edukitzeko, asko baitira langabezian baitaudenak». Eskari hori Pertsonalaren Batzordean eta Osoko Bilkuran egin dutela dio Longartek.