Handi biren musikagaz gozatzeko aukera emango du zapatuan Bermeoko Kafe Antzokiak. Izan ere, Smoking Stones eta Dylan Uncut izango dira taula gainean, hurrenez hurren, The Rolling Stones eta Bob Dylani gorazarre eginez.
Bartzelonakoak (Katalunia) dira talde biak, eta eskarmentu handia daukate aipatutakoen abestiak interpretatzen. Smoking Stones, esaterako, duela hamabost urte baino gehiago sortu zen, maiestate satanikoak eta haien musika omentzeko. Kritiken arabera, zorrotz jotzen ditu The Rolling Stonesen abestiak, eta, horri esker, ospe handia lortu duen taldea da. Are gehiago, Mick Jagger eta Keith Richards buru dituen talde ezagunari omen egiten dietenen artean onena dela diote adituek.
Smoking Stones taldeko kideak
Beste alde batetik, XX. mendeko musikaririk emankorrenaren lana omenduko du Dylan Uncutek. Abesti akustiko nahiz elektrikoen bidez, Bob Dylanen zaletuak gozatuaraziko ditu talde katalanak, zelan edo halan «musikak eman duen poetarik onena» antzokira eramanez.
Kafe Antzokiaren eskutik, HITZAk bi lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditu. Harpidedun izanez gero, beraz, 94-684 44 36 telefono zenbakira parte hartu ahalko duzu. Eguen eguerdira arte dago deitzeko aukera.
Taldeak. Smoking Stones eta Dylan Uncut.
Noiz. Otsailaren 27an, 22:00etan.
Non. Bermeoko Kafe Antzokian.
Salneurria. 12 euro aurretiaz, eta 15 euro lehiatilan.
Saltokiak. Bermeoko Kafe Antzokia, Bermeoko Luma liburudenda, Gernika-Lumoko Ospa taberna, Mungiako Herriko Taberna.
www.musikaze.com,
www.ticketea.com eta
www.beba33.com webguneen bidez ere eros daitezke sarrerak.