Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko zenbait udalek sinatutako Gaztedi Busturialdea hitzarmenaren baitako Busturialdea Team proiektuak harrera ona izan du gazteen artean, sustatzaileen iritziz. Zehaztu dutenez, 2015ean 300 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten eskualdeko gazteen artean ekintzailetza, trebakuntza eta prestakuntza pertsonala helburu dituen proiektuan. Hala,
balorazioa “oso ona” dela eta,
“2016an gazteak lan merkatuan sartzearen aldeko apustua mantenduko” dutela nabarmendu dute.
Ekintzailetza Astea
Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrieta dira proiektuagaz bat egin duten udalak, eta hiru izan dira berorren baitan sustatutako programak: Lana bilatzea lana da, 3G Busturialdea eta Auzolandegiak.
Lana bilatzea lana da beka programari esker, Busturialdeko hamar gazte langabek “eskualdeko enpresa ezberdinetan egin zituzten praktikak”, eta, prestakuntza arloan, beste 23k “Belbinen Talde-Rolak metodologia erabiliz, gaur egungo hautaketa prozesuak jorratu zituzten taldean, bakoitzaren indarguneak ezagutzeko”. Bestalde, “hamabost gaztek parte hartu zuten bakarkako edota taldeko coaching saioetan”. Horietan, “autolidergoa, komunikatzeko gaitasunak eta adimen emozionala” landu zituzten.
Aipatutakoaz gain,
Busturialdeko Ekintzailetza Astea ere egin zuten 2015ean. “Bertan hamabost gaztek parte hartu zuten, eta
Busturialdeko II. Enpresa Lehiaketaren deialdia zabaldu zen”.
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa
Balioen sustapena izan da proiektuaren beste ardatzetako bat.
3D Busturialdea programaren bidez, gazteen gaitasuna garatzea izan zuten helburu. Horretarako, Busturialdeko lau taldegaz kontzertua antolatu zuten, eta “harrera oso ona” izan zuen. Bestalde,
Sare sozialak bai, baina zelan eta zertarako ikastaroan DBHko lehenengo mailako 167 ikaslek parte hartu zuten, eta, besteak beste, tresna horien inguruko hausnarketa egin zuten, eta baita izan ditzaketen eragin negatiboak aztertu ere.
Azkenik, “kirolari gazteei babesa emateko” jarduerak egin zituzten; hala nola, Txomin Arana moto gidari ereñarraren aldeko
Dakar festa eta zesta-puntako xisterak artisau eran konpontzeko eta egiteko ikastaroa ere. Talde lana sustatzeko, bestalde, irteerak egin zituzten, eta 73 gaztek parte hartu zuten.
Auzolandegiei dagokienez, Arratzuko, Ereñoko, Gautegiz Arteagako, Kortezubiko, Morgako eta Mundakako 162 neska-mutilen begirale lanetan aritu ziren hainbat gazte, munduko hainbat lekutatik etorritako beste batzuekin batera.