Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Euskal Herriko eta Kantabriako estankuetan eta dendetan ustez lapurretan ibiltzen ziren lau laguneko taldea atxilotu du Ertzaintzak. Bariku goizaldean atxilo hartu ostean, horien etxebizitzak miatu zituzten Bermeon eta Bilbon.
Ertzainek atzemandako materiala
27 eta 38 urte bitarteko lau gizonezko dira atxilotutakoak. Ohar batean azaldu dutenez, hilabetez, ustezko errudunen jarduerak aztertzen ibili izan dira ertzainek. Ikertzaileen arabera, «estankuetan eta beste mota batzuetako denda eta negozioetan, indarrez lapurretan aritzen zen talde kriminal bat eratzen zuten».
Bariku goizaldean, Antzuolan atzeman zituen Ertzaintzak lau gizonezkoak, herri horretako estanku batean ustezko lapurreta egin ostean. Atxilotuek tabakoa zeramatzaten, bai eta lapurretarekin lotutako tresneria ere.
Barikuan bertan atxilotutakoen etxebizitzak miatu zituen Ertzaintzak, Bermeon eta Bilbon bizi baitziren ustezko lapurrak. Etxebizitza horietan, metal ebakigailuak, eskuhagak eta 400 tabako pakete aurkitu zituen Ertzaintzak; bi ibilgailu ere atzeman dizkiete.
Talde kriminal bateko kide izatea eta ondasunen aurka egitea leporatuta atxilotu zituzten. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu dira, karguekin.
Ertzaintzak, baina, ikertzen jarraitzen duela jakinarazi dute, eta atzemandako materiala aztertzen ari dira.