Azpikontratetako langileen baldintzak hobetzeko asmoz, ekimen berri bat abian dauka
LAB sindikatuak, eta Euskal Herriko erakunde guztietan lan edo zerbitzuak azpikontratatzeko pleguetan neurri jakin batzuk derrigorrez hartzea eskatzen ari da. Eskaera hori egin du bai eta Busturialdeko bi herri handienetan ere. Horrela, azpikontratetan eman behar diren lan baldintzen defentsan, mozioak aurkeztu ditu, gaur goizean, Gernika-Lumon eta Bermeon. Herri horietako osoko bilkuretan gaia eztabaidatzea nahi dute, eta mozioak izaten duen erantzuna baloratu ondoren, eskualde bietako mankomunitate zein herri guztietara aurkeztea aztertuko dute.
Lea-Artibai eta Busturialdeko LAB sindikatuko ordezkariak, gaur goizean, Markina-Xemeingo udaletxean.
Zerbitzuen azpikontratazioa Euskal Herriko erakundeetan agintzen duten alderdi politikoen erabakiz gauzatu zela eta gauzatzen ari dela azaldu du LAB-ek, eta erabaki politiko horrek
ondorio larriak dakartzala. “Erakundeak ahaztu egiten dira langile hauetaz, jadanik euren langileak ez direlako, azpikontratazioak lan baldintzak kaskartzea ekarri du eta prekarietatea larriagotu da lan erreformagaz, eta krisiak eraginda, erakundeetan ematen ari diren murrizketak direla eta azpikontratetako lanpostuak suntsitu eta murriztu dira”.
LABek argi dauka zerbitzu publikoko lanak langile publikoek bete behar dituztela. “Eta halaxe defendatuko dugu, lanpostu horiek berez, baldintza hobeagoak dituztelako eta egun, esku pribatuetan dagoen diru publikoaren kontrola handiagoa delako”. Baina, lan horietako asko azpikontraten bidez egiten direnez, lan horietan jasan ohi den egoera arinduko luketen ekimenei ekin beharko litzatekeela ikusten dute.
LABen ustez, erakundeek badute azpikontratetako
langileen ardura eta ezin dute ezikusiarena egin jasaten ari diren lan egoera horren aurrean. “Azpikontrata baten obra edo zerbitzuren bat kontratatzen duenean, erakundeek gaitasuna daukate langileen baldintzak bermatuko dituzten nahitaez bete beharreko klausulak sartzeko. Hortaz, gaur egun erakundeak gobernatzen dituzten alderdi politikoek azpikontratetako lan baldintzak eta lanpostuak babesteko urratsik egiten ez badute, langileek jasan ohi duten egoera atsekabegarriaren arduradun eta gaizkideak izango dira”.
Hori dela eta, aurkezten ari diren mozioaren bidez, kontratazio plegu guztietan neurri batzuk sartzea eskatzen diete erakundeei eta erakundeagaz zein bertan ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lan bilerak egiteko prest agertu dira, arazo horretaz mintzatzeko eta konponbideak bilatzeko.
NEURRIAK
- Gutxienez probintziako sektore hitzarmena ezarriko da. Hauetako hitzarmenen bat indarrean ez balego, berritu artean, langileei ezartzen zaizkien lan baldintza guztiei eutsiko zaie. Era berean, langileei ezartzen zaizkien lan baldintzak kontratazio berrietan ere ezarriko dira. Lantokiko edo zerbitzuaren berezko itunik balego, hartan jasotakoa haren langileei ezarri beharreko gutxieneko baldintzatzat joko da, indarrean daudela nahiz berritu arte, sektorearen probintzia hitzarmena sorospidez ezarriz.
- Ez da inoiz estatu mailako enpresa hitzarmenik ezarriko, ez eta estatu mailako hitzarmenik ere.
- Ezin izango zaizkie, ezarri beharreko hitzarmenean edo itunean jasotako baldintzetan hitzarmenari ez lotzeko prozedurei ekin.
- Zerbitzua eskaintzen duen enpresaz aldatuko balitz, langile guztiak subrogatuko dira.
- Pleguan jasoko litzatekeen zerbitzua burutzeko behar den langile kopuruari eutsiko zaio edonoiz. Ezin izango da iraizpen kolektiborik edo banakakorik egin zio objektiboengatik.
- Genero berdintasuna, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak ezabatzeko helburuan.
- Lan Osasun arloan ezar daitekeen araudi oro betako da; neurri berriak sartuko badira ere, lanpostu jakin batzuk izan litzaketen ezaugarri jakin batzuen baitan.
- Hizkuntz eskubideak zerbitzua eta lanpostuak euskalduntzen direla bermatzea.
- Lana edo zerbitzuaren esleipena jaso duen enpresak, hura guztiz edo partzialki azpikontratatuko balu, hark bermatu beharko du ere, azpikontratazioaren kate osoan, pleguan jasotako klausula guztiak betetzen direla.
- Baldintza horiek beteko ez balira, zerbitzua eman zaion enpresa zigortuko da.
- Behar besteko neurriak artikulatuko dira udaleko langabezien %1 lan edo zerbitzu hauek betetzera kontrata daitezen.