Erroxape Emakumeen Elkarteak, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareagaz batera eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz, indarkeria matxista ekiditeko programak aurrera darrai. Horren baitan, gaur [otsailak 20], autodefentsa feminista ikastaroa dute. Zortzi orduko ikastaroa dute gaurkoa, eta 10 lagun inguru parte hartzen ari dira, adin ezberdinetako emakumeak, hain zuzen ere.

Kandelen inguruan batu dira ikastaro hasieran
10:00etan hasi dute ikastaroa, eta eguna zelan antolatuko duten azaldu ostean, meditazioa egiten hasi dira bertaratutakoak. Ondoren, eztabaidarako tartea ere izan dute. Egunean zehar, bestalde, autoestimua lantzeko, ezetz esaten ikasteko eta egoera ezberdinen aurrean zelan jokatu daitekeen ikasteko aukera izango dute, bai eta egoera fisikoen aurrean zelan jokatu ere.
Emagineko kide Naroa Argoitia Iñurrita ondarrutarra arduratzen ari da ikastaroa emateaz. Haren esanetan, autodefentsa ikastaroaren bitartez, emakumeek euren segurtasuna berreskuratzea bilatu gura da: “gaitasun ugarirekin jaiotzen gara guztiak, baina kanpotik jasotzen ditugun mezu eta diskurtsoek, askotan, gaitasun horiek blokeatzen dituzte. Hortaz, ikastaro honen bitartez horiek bergogoratu eta berreskuratu gura dira. Era berean, ezetz esateko eta mugak jartzeko gaitasunak lantzen dira”.
Autodefentsari buruz berba egiten denean, indarkeria da muturrean ikusten dena. Mutur hori landu aldera, alde fisikoa lantzen dute parte hartzaileek; “muturreko egoeretan zelan defendatu ahal diren ikasteko”. Baina autodefentsa ikastaroa alde fisikoa lantzeaz baino harago doala dio Argoitiak. “Izan ere, eguneroko edozein bizipen medio, ezinegona sortu eta osotasunean geu izaten uzten ez gaituen egoera horiei aurre egiten ere ikasten dugu”, dio. Hala, dioenez, alde fisikoa lantzea garrantzitsua bada ere, hori bezain garrantzitsua da alde emozionala, psikologikoa eta energetikoa ere lantzea: “Normalean, egunerokotasunean bizitzen duguna ez da indarkeria fisiko gogorra izatean, psikologikoagoa baino. Egoera horiek ikusten, identifikatzen eta kokatzen ikasten baldin badugu, muturrean dauden egoera horiek ekidin daitezke”.

Parte hartzaileak ikastaroan
Horiek guztiak lantzeko, ariketa eta dinamika ezberdinak lantzen dituzte ikastaroetan. 8 orduko ikastaroa da gaurkoa eta gai ezberdinak ikutzeko aukera edukiko dutela dio. “Egun bateko ikastaroaren bitartez sentsazio ezberdinak esperimentatzeko aukera ematen du; bai eta buruan dauzkagun mota batzuetako diskurtsoak beste leku batzuetan kokatzeko ere”.
Autodefentsa ikastaroetatik sentsazio ezberdinekin amaitzen dituzte parte hartzaileek. Argoitiak azaltzen duenaren arabera, “gehienetan, norbere gainean esperimentatu diren beste indar batzuekin geratzen dira; indarra daukagula eta gaitasun horiek berreskuratu izanaren sentsazioarekin amaitzen dute. Beste batzuei, ordea, gogoeta egiteko balio die, hau da, indarkeria zer den edo egunerokotasunean zelan mugatzen gaituen pentsatzen hasten dira. Eta, batez ere, tresnekin amaitzen dute; zenbait egoeren aurrean zer egin ahal duten badakite eta”.