Martxan da Gurasolagun egitasmoa, eta bihar batuko da taldea eskulanak egiteko. Aurten, baina, taldea egonkortzeko asmoa dute, eta Berbalagun taldeak modura, Gurasolagun ere «autonomoa» izatea dute helburu.
Eguaztenean egingo duten eskulana
Gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko igorpena indartu eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartzea du helburu Gurasolagunek. Bihar, iaz, Gurasolagunen parte hartu zuten gurasoen taldea batuko da, eta tailer batekin hasiko dira; elkarrekin batuta, Montse Alonsoren laguntzagaz, argazki-marko polit bat egingo dute eskuz. 17:30etan jarri dute hitzordua Gaztelekuan. «Ondoren, taldeak berak zenbatero eta zertarako batuko diren zehaztea da asmoa, talde egonkor bat sortzeko», dio Marimar Hernandezek Berbalaguneko dinamizatzaileak.
Batez ere, 6 eta 8 urte bitarteko umeak dituzten gurasoei zuzendutako egitasmoa dela azaldu dute, eta umeekin batuko direnez, eurekin zeozer egiteko batuko dira. Hernandezen arabera, «gurasoak seme-alabekin trankil egoteko esparru bat sortzea da helburua».
15 lagun hasiko dira Gurasolagun egitasmoan parte hartzen: 8 guraso eta 7 ume. Euskaraz ondo moldatzen diren gurasoak eta oraindik euskaraz bizitzeko laguntza behar dutenak elkarrekin egongo dira tailerrean, seme-alabekin batera.
Tailer honetarako lekurik ez badago ere, gura duenak zabalik izango ditu ateak, eta Gurasolagunen parte hartzeko izena eman ahal du. Horretarako, interesa duenak, 607 609 580 telefono zenbakira deitu beharko du.