«Sky Games-etan parte hartzeko aukera eduki nahiko nuke»
2012an Sky Games txapelketa nagusia lehen postuan amaitu eta gero, aurten ere, lau urtean behin egiten diren jokoetan parte hartzeko helburua duela nabarmendu du mutrikuarrak.Iaz denboraldi bikaina egin zuen Oihana Kortazar (Elgeta, 1984) mendi korrika...
2012an Sky Games txapelketa nagusia lehen postuan amaitu eta gero, aurten ere, lau urtean behin egiten diren jokoetan parte hartzeko helburua duela nabarmendu du mutrikuarrak.
Iaz denboraldi bikaina egin zuen Oihana Kortazar (Elgeta, 1984) mendi korrikalariak. Sky Race deritzon Munduko Kopa seigarren amaitu zuen. 27 lasterketa amaitu zituen: hortik hamabostean lehen postuan amaitu zuen, eta beste zazpitan, podiuma lortu. Denboraldi berria oraintxe hasi du Argentina eta Txile artean, hiru etapa luze dituen El cruce de los Andes lasterketan. HITZAk joan aurretik elkarrizketatu du.Iazko denboraldia, oro har, zelan gogoratzen duzu?
Egia esan, oso denboraldi ona izan zen. Munduko Kopan gaur egunean dagoen maila ikusita, seigarren amaitzea berri pozgarria da. Bigarren umea izan ondoren sasoi puntua hartzea kostatu egin zitzaidala kontuan hartuta, are pozgarriagoa da. Behar- bada, beste denboraldi batzuk azken honekin alderatuta hobeak izan dira, baina azkena zailtasun gehiagorekin ondo amaitzea lortu nuen. Beraz, ez nago kexatzeko moduan.
Eta denboraldiari errepaso bat emanda, zer proba gogoratzen dituzu bereziki?
Bereziki bi lasterketa gogoratzen ditut. Alde batetik, Espainiako Txapelketa inflexio-puntu bat izan zen. Lasterketan zehar ez nituen sentsazio onak izan, eta hori berriz ez errepikatzeko zerbait egin behar nuela konturatu nintzen. Beraz, entrenamendu sistema aldatu, eta, ordutik, indarberritu egin nintzen. Bestalde, gogoan dudan beste lasterketa bat denboraldi ia amaierako bat izan zen, Italiako Limone Extrem, Munduko Kopako azkena; bertan lortutako hirugarren postuari esker sailkapen orokorrean puntu asko irabazi nituen, eta helmugara heltzean azken hilabeteetako ahaleginak merezi izan zuela pentsatu nuen.
Entrenamenduetan zer aldaketa egin zenituen?
Gimnasioko lan gehiago egiten hasi nintzen. Egia esan, haurdunaldiaren ondoren, hankak ahulagoak nituela asko igarri nuen. Abduktoreetan, batez ere, indar falta sumatzen nuen. Indartu beharra nuen, giharrek eragin handia dute korrika zabiltzanean.
Bestalde, iaz zer lasterketak egin zizun ilusiorik handiena?
Zegama-Aizkorrin hirugarren postua lortzeak sekulako ilusioa egin zidan. Nahiz-eta hirugarren sailkatu, 2012an lasterketa bigarren aldiz irabazi nuenean baino askosaz marka hobea lortu nuen, eta horrek asko motibatu ninduen.
Iaz, bigarren amatasunaren ondoren, lehiatzera bueltatu zinen. Zelan uztartzen dira elite mailako kirola eta amatasuna?
Entrenatzaile pertsonal lanari esker, ordutegi malguak ditut, baina hori guztia, ingurukoen laguntza baldin badut ere, amatasun beharrekin eta entrenamenduekin bateratzea, askotan, ez da erraza.
Denboraldia orain hasi duzu Argentinan. Zeure burua sasoiko ikusten duzu?
2015eko denboraldia amaitu, eta atsedenaldi motz bat hartu ostean, bi hilabete daramatzat prestaketekin, eta entrenamenduetan gustura aritu naiz. Dena den, lasterketak eta lehiakideak dira puntuan jartzen zaituztenak eta errealitatea erakusten dizutenak, beraz, badut lehiatzeko gogoa, benetan nola nagoen ikusteko.
2013an lasterketa bera irabaztea lortu zenuen.
Bai, baina lasterketak izen bera baldin badu ere, ibilbidea ez da bera izango. Formatu bera du, baina ibilbidea urtero aldatu egiten dute. Aurten beste toki batzuk ezagutzeko aukera dut, eta horrek animatuta noa.
Babesle berarekin jarraituko duzu?
Aurten ere Salomon Etixx-en jarraituko dut, baina badaude beste kolaboratzaile batzuk ere: Suunto, Peltz, Spiuk, Segurartic, Catalana Occidente… Horien laguntzari esker hemengo zein kanpoko lasterketetan parte hartu dezaket, baina, batez ere, nazioarteko maila goreneko lasterketetan parte hartzeko aukera ematen didate.
Zenbaterainoko garrantzia du babesle on bat izateak?
Derrigorrezkoa da. Munduko Kopa baten parte hartzeko aurrekontu nahikoa behar izaten da, eta hori ordaintzeaz gain, material aldetik ere asko laguntzen digute. Zentzu horretan talderik onenean nagoela deritzot.
Aurtengo denboraldiari dagokionez, zer helburu dituzu?
Berriz ere Munduko Kopan parte hartuko dut, eta hortik kanpora ere, beste lasterketa batzuetan ere parte hartzeko asmoa daukat. Mendiko lasterketak mendiko federazioak antolatuta egiten dira, baina, orain, mendi lasterketa kirol olinpiko bihurtu nahi dutenez, Nazioarteko Atletismo Federazioa ere tartean sartu da. Azken horrek, bere zirkuitu propioa sortu du, eta zirkuitu horretako proba batzuetan ere parte hartzeko asmoa dut.
Eta hori?
Momentu honetan profesional modura jarraitu ahal dugula ziurtatzen digun erakunde bakarra Nazioarteko Atletismo Federazioa da. Uste dut, hortaz, garrantzitsua dela zirkuitu horretan ere parte hartzea.
Denboraldi berriari dagokionez, zer probatan parte hartuko duzu?
Nire egutegia laster egingo da publiko, baina Munduko Kopako lasterketetan ez eze, Euskal Herrian jokatuko diren hainbat lasterketa esanguratsuetan ere parte hartuko dudala aurreratu dezaket.
Lasterketa horien barruan, bada sekula falta ez denik?
Ohiko moduan, Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) Alto de Sil lasterketan parte hartuko dut. Bestalde, lau urtean behin antolatzen diren Sky Games-ak ere, gure joko olinpiko partikularrak, aurten jokatuko dira. 2012an nik irabazi nituen, eta aurten ere Sky Games-etan parte hartzeko aukera eduki nahiko nuke; nire helburutako bat da.
Bestalde, sekula parte hartu ez duzun lasterketaren batean izango zara aurten?
Maiatzean, La Palmako (Kanaria uharteak, Espainia) Transvulcania lasterketan parte hartuko dut, estreinako. Aspalditik parte hartzeko gogoarekin nengoen, eta aurten parte hartzea erabaki dut. Izan ere, Zegama-Aizkorri baino zer edo zer arinagoa da, eta beti harako prest egon nahi nuelako eta, ez nuen parte hartzen.
Iaz maratoi distantziako lasterketetan ez eze, igoera bertikaletan ere parte hartu zenuen. Aurten ere hala izango da?
Batez ere, oinez asko egiteko eta igoera luzeak dituzten lasterketak gustatzen zaizkit. Kilometro bertikalak, oro har, oso gustuko ditut, baina lasterketa baten barruan aldapa nahikoa luzea baldin badago, oinez egiteko nahikoa zati izatea ere gustatzen zait. Izan ere, nire oinkadagatik hobeto moldatzen naiz horrelakoetara. Bestalde, eta aurreratu dezakedanaren arabera, aurten kilometro bertikal gehiago egiteko asmoa dut. Iaz, egia esan, ez nuen igoera bertikal askorik egiteko nahikoa astirik eduki, eta gerokoan, aldapa gorako izaten den azkatartasun hori galdu egin nuen. Hartara, aurten lehenengotik bata zein besteko probetan parte hartzea erabaki dut.