«Lekukoek ez dute Goieaskoetxea Guggenheimen aurrean kokatu»
Busturiarraren abokatu Jone Goirizelaiak esan du lekukoek Guggenheimen ez, Goieaskoetxea beste leku batzuetan ikusi izana deklaratu dutelaMadrilgo Auzitegi Nazionalean egin zuten atzo Eneko Goieaskoetxearen kontrako epaiketa. Hain zuzen, 1997an Guggenh...
Busturiarraren abokatu Jone Goirizelaiak esan du lekukoek Guggenheimen ez, Goieaskoetxea beste leku batzuetan ikusi izana deklaratu dutela
Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin zuten atzo Eneko Goieaskoetxearen kontrako epaiketa. Hain zuzen, 1997an Guggenheimen aurkako erasoan ustez Espainiako Errege ohia hiltzen saiatzeagatik epaitu dute gaur Goieaskoetxea, besteak beste. Haren abokatu Jone Goirizelaiak esan duenez, «fiskalak aurkeztutako lekuko batek ere ezin izan du Goieaskoetxea Guggenheim inguruan kokatu». Azaldu duenez, deklarazioetan Goieaskoetxea beste lekuren batean ikusi zutela esan dute, baina ez ekintza gertatu zen lekuan.Eneko Goieaskoetxeak, bere aldetik, uko egin zuen Guggenheimen aurkako atentatu saiakeran parte hartu izana. Bere abokatu Jone Goirizelaiaren galderei bakarrik erantzun die, eta, ETAko kide zela ere ukatu du. Halaber, Katu izeneko taldearen berririk ere ez zuela esan du busturiarrak, eta ez zuela inoren agindurik hartu.
Garai hartan Espainiako Erregea zenari eraso egiteko agindurik hartu ote zuen ere galdetu zion atzo Goirizelaiak, baina holakorik ere ukatu egin zuen Goieaskoetxeak.
Deklarazioak ezbaian
Fiskalaren hogei lekukok baino gehiagok deklaratu zuten atzoko auzi saioan, bideokonferentziaz. Denen artean, Ertzain buruaren deklarazioa ere aipatu du Goirizelaiak.
Izan ere, abokatuaren iritziz, haren testigantzak agerian utzi du Kepa Arronategik presiopean egin zuela Eneko Goieaskoetxeraen kontrako polizia deklarazioa: «Bi egunetan poliziaren aurrean deklaratzeari uko egin zion Kepa Arronategik, epailearen aurrean deklaratuko zuela esanez. Hala ere, hirugarren egunean bere kontrako eta bere ingurukoen aurkako polizia deklarazioa egin zuen Arronategik. Horrek agerian uzten du mehatxupean eta tratu txarrak pairatzearen ondorioz egin zuela deklarazioa».
Gainontzeko lekukoen deklarazioa ere ezbaian jarri du Goirizelaiak. Abokatuaren esanetan, horietako batek ere ez du Goieaskoetxea ekintza gertatu zen lekuan kokatu. «Beste leku batzuetan kokatu dute Goieaskoetxea, baina ez Guggenheim aurrean». Gainera, Goirizelaiak esan du diligentzia polizialak egiterakoan ez zituztela legeak zehazten dituen artikuluak bete.
Defentsaren lekukoak
Eguna oraindik zehaztu gabe dagoen arren, martxoan egingo dute hurrengo auzi saioa, eta atzo deklaratu ezin izan zuten defentsaren lekukoek emango dute deklarazioa, bideokonferentziaz.
Atzoko saioan ere bideokonferentzia bidez deklaratzeko eskaria egin zuten, baina ukatu egin zieten. Hala ere, fiskalaren lekukoek bai, bideokonferentziaz deklaratu zuten.
Koroaren aurkako delituaz gain, beste zortzi delitu leporatzen dizkio Fiskaltzak Goieaskoetxeari. Guztira, haren kontra 95 urteko zigorra eskatzeko asmoa agertu du Fiskaltzak. Ustez, Txema Agirre ertzaina hil izanagatik 30 urteko zigorra eskatzeko asmoa agertu du, eta 19 urtekoa koroaren aurkakoagatik.
Horrez gain, Txema Agirre ertzainaren alargunari 500.000 euroko kalte-ordaina ere eskatuko du fiskalak, eta 122.000 euroko beste bat ihes egiteko erabilitako autoaren jabearentzako.