Sasoiz eta sasoian dator laukotea
Sei abestiz osatutako lana dakar Gernika-Lumoko Suerder taldeak esku artean; 'Bazan ordue' da diskoaren izenburua, eta aurkezpen kontzertuak ematen ari dira.Sasoia zutela uste dute Sueder taldekoek, eta hala jarri diote izenburua diskoari: Bazan ordue....
Sei abestiz osatutako lana dakar Gernika-Lumoko Suerder taldeak esku artean; ‘Bazan ordue’ da diskoaren izenburua, eta aurkezpen kontzertuak ematen ari dira.
Sasoia zutela uste dute Sueder taldekoek, eta hala jarri diote izenburua diskoari: Bazan ordue. Gernika-Lumoko laukoteak lan berria du esku artean. Sei abesti biltzen ditu lanak; «12-14 abestiko CDak baino errazago entzuten baitira lan laburrak», diote. Jorge Etxebarrieta Txortx herrikidea izan dute gidari diskoa ateratzeko, eta bi zatitan grabatu dutela azaldu dute: «Mungiako Musikonen eta Aulestiko Altxatunen grabatu ditugu abestiak. Musikonen, gainera, abestiak zuzenean grabatu genituen. Txortxek proposatu zigun, askoz naturalagoa zelako». Horrela grabatzen lehenengo taldea izan zela dio Suederrek, eta emaitzagaz pozik daude.Unai Aldekozeak (gitarra), Koldo Sanchezek (baxua eta ahotsa), Ander Uribarri (bateria) eta Xabi Larrainzar (gitarra) dira taldekideak. Azken hori, baina, diskoa grabatu ostean bildu da taldera. Azaroan ikusi du argia diskoak, eta gaur egun lan berriagaz kontzertuak ematen ari da laukotea. «Diskoa atera aurretik ere kontzertuak eman ditugu, single bategaz, eta jendea gustura ikusi dugu».
Kolaborazioak
Beraiek egiten dutena berezi sentitzen dute Sueder taldeko kideek. «Inguruan ditugun taldeekiko desberdina da gure estiloa», diote. Zenbaitetan beste talde batzugaz konparatzen dituztela ere aitortu dute. «Baina guk sentitzen dugu gurea egiten dugula, ez besteena. Errazena konparazioetan jaustea da», aipatu dute.
Eta, berezitasunen artean, izen handiko musikarien kolaborazioa ere badakar Bazan ordue diskoak. «Gatibuko Haimar Arejitak lagundu digu aurreprodukzioagaz, eta asko eskertzen diogu eskaini digun arreta. Bere borondate onagaz egin du, eta asko lagundu digu». Hala ere, Arejitarena ez da disko berriak dakarren kutsu berezi bakarra. Jose Alberto Batiz gitarra jole ospetsuak ere parte hartu du diskoan. Koldo Sanchezek deskribatu duenez, «esperientzia bat izan da bera ezagutzea eta bera jotzen ikustea. Apartekoa da gitarraren munduan, berezko soinua ateratzen diolako gitarrari». Batizek slide gitarra sartu du Bazan ordue abestian, bai eta bakarkakoa ere.
Doctor Deseo taldeko Francis Diezek ere utzi du bere ukitua Sueder taldearen lanean. «Txortxen ezaguna da, eta berak deitu zion». Haregaz grabatzea ere sekulako esperientzia izan dela dio Sanchez taldeko ahotsak. «Punta-puntan dagoen abeslari bategaz egotea eta ahotsa nola prestatzen duen ikustea sekulako esperientzia da». Azken finean, musikaren munduan profesionalak direnak beraien lana baloratzea izugarria dela diote Suederreko kideek.
Nork bere lekua
Euskal musika taldeak dituzte erreferente. Dena den, denentzako lekua badagoela dio Suederrek. «Nik panorama ondo ikusten dut», dio Larrainzarrek. «Talde pila bat daude. Agian, musika industria aldatu egin da; gaur egun ez da hainbeste saltzen. Dena den, maila ona duten talde asko daude».
Gaur egun modan dagoen musika beste bide batzuetatik joan daitekeela diote taldekideek, eta beraien estiloak lekua baduela berretsi dute.
Baina beraien lekua ikusten duten arren, euskaldunak «mokofinekoak» direla uste du Aldekozeak. «Oso itxiak ere bagara; estilo zehatz batzuk entzuten ditugu, eta, ohikotik ateraz gero, kosta egiten da inoren belarrian sartzea». Musika elektronikoa, esate baterako, ohikotik ateratzen den zerbait dela diote, baina musika elektronikoagaz egiten diren nahasketak gero-eta gehiago entzuten direla nabarmendu gura izan du Sanchezek, eta hori positiboki baloratzen dutela.
Eman eta hartu
Estilo freskoa dutela aipatu izan dute kritikek, eta kanta biziak egiten dituztela. Pertsona arruntak direla diote taldekideek, eta beraien abestiek egunerokotasunean gertatzen diren gauza arruntak aipatzen dituztela. «Gauza horiek jendearengana heltzen dira, agian, batzuetan identifikatuta sentitzen direlako». Horren adibide jarri dute Bixerko haizie kantua, gai pertsonalagoa lantzen duelako.
Beraien musikagaz batera, zuzenekoetan giro ona eta ondo pasatzeko aukera eskaini nahi du Suederrek. «Ondo pasatzen dugu oholtzaren gainean, eta gure sentsazioak publikoari transmititu gura dizkiogu», aipatu dute. Izan ere, feedback hori sentitzea garrantzitsua da taldearentzat, eta abenduaren 26an Astraren 10. urteurrenean eman zuten kontzertua dute bereziki gogoan.
Aurrera begira ere, beste hainbat kontzertu dituzte lotuta, eta beraien diskoa, kontzertuetan ez ezik, Gernika-Lumoko Ospa tabernan eta Euskal Souvenirs dendan zein Elkar dendetan ere eros daiteke. Taldearen Facebook orrialdearen bitartez ere egin daiteke eskaera, eta postaz bidaliko dituzte enkarguak.
Horrez gain, plataforma digitaletan ere eros eta entzun daiteke Suederren lan berria, iTunes edo Spotify-en, esaterako.
Era berean, Elkar estudioetako zuzeneko grabazioan ere parte hartu izan du Suederrek. «Iazko maiatzean joan ginen Donostiako Elkar estudioetara, eta, beste talde batzuek egiten duten legez, guk ere zuzenean jotzeko aukera izan genuen».
Elkar estudioetan grabatutako abestiak ere ikusgai daude Interneten.