Europako Txapelketan hirugarren amaitu du Quincocesek
Esprint kategorian podiuma lortu du Laetitia Roux eta Marte Garcia Farresekin batera. 'Photo finish'-ak erabaki behar izan du hirugarren postuko irabazleaAsteburuan Suitzan Salvan-Les Marecottes-en jokatu den Europako Mendi Eskiko Txapelketan sasoiko d...
Esprint kategorian podiuma lortu du Laetitia Roux eta Marte Garcia Farresekin batera. ‘Photo finish’-ak erabaki behar izan du hirugarren postuko irabazlea
Asteburuan Suitzan Salvan-Les Marecottes-en jokatu den Europako Mendi Eskiko Txapelketan sasoiko dagoela erakutsi du Nahia Quincoces Altuna eskiatzaile mendexarrak. Domekan jokatutako esprint lasterketan, esaterako, mendexarra protagonista bihurtu zen, bere lehen domina lortuta. Oso pozik dagoela nabarmendu du Quincocesek.04:36 behar izan zituen proba amaitzeko. Podiumean aurretik, Laetitia Roux eta Marta Garcia Farres izan zituen, hurrenez hurren. Quincocesek berak nabarmendu duenez, final «oso lehiatua» izan zen. «Emozioz betetako finala izan zen. Esprint kategorian parte hartu dudan lehen finala izan da, eta horrez gain, azkeneraino ez nuen jakin hirugarren amaitu nuen edo ez. Severine Ponte frantziarra eta ni batera helmugaratu ginen, eta brontzea, photo finish delakoan erabaki behar izan zen».
Guztira, Munduko Koparen barruan, hiru proba jokatu ditu, eta hiruretan lehen hamarren barruan amaitu du.
Kronoeskaladan ere bikain
Zapatuan egin zen igoera bertikalean, aldiz, 5. postuan amaitu zuen. Helmugaratzeko ordu erdi pasatxo behar izan zituen, eta orain arte egindako igoera bertikalik eta bereziena izan dela azpimarratu du. Izan ere, parte hartzaile guztiek batera irten ordez, banaka-banaka irten zuten, minutu erdiko aldeagaz.
Quincocesek adierazi duenez, helmugara heldu arte ez zuen jakin ze posutan amaitu zuen proba, baina lehen hamarren artean amaitu zuela uste zuen. «Proban aurretik irten zuten bi lagun aurreratu nituen, eta nahiz eta, atzeko batek ni aurreratu, horren arabera, lehen harren artean amaitu nuela espero nuen».
Barikuan, aldiz, bakarkako proban ere ondo moldatu zen. 12 kilometroko luzera eta 1.400 metroko desnibela zuen lasterketa 8. postuan amaitzea lortu zuen, 01:35:19 denboragaz.
Bakarkako proban lortutako emaitzarekin ere pozik agertu da. «Oso proba polita izan zen. Aurreko bi egunetan elurra egin zuen, eta eskiatzeko ondo egon zen. Eguraldi ona egin zigun eta proban ez nuen bestelako arazorik eduki. Behin jausi nintzen, baina, hala ere, ez zuen sailkapen nagusian posturik galdu».
Asteburuan Espainiako Txapelketa jokatuko da, baina oraindik ere ez daki bertan parte hartu ahal izango duen ala ez. Bi aste barru Italian jokatuko den 33. Transcavallo Munduko Kopako proban parte hartuko duela aurreratu du.