Erdigunean dagoen Andra Mari plaza berritu gura du Morgako Udalak. Dioenez, aisialdirako eta gozamenerako gune horrek ez du erakargarritasunik. Zoladura narrituta dagoela esan du udalak prentsa oharrean, eta probalekua zein kioskoa dagoeneko ez direla erabiltzen. Hiri altzariek ere gaurkotu beharra dutela uste dute udal arduradunek.
Morgako Andra Mari plaza/ Urremendi
Hain zuzen, zerbitzuak, irisgarritasuna eta plazaren itxura hobetu gura du, eta horretarako deitu du ideia lehiaketa. Herritarren eta udalaren asmoekin bat egiten duen ideiarik onena hautatuko du, eta irabazleari proiektuaren erredakzioa eta Andra Mari plaza eraberritzeko lanen segurtasuna eta osasunaren zuzendaritza eta koordinazioa adjudikatzea da lehiaketaren helburua.
Lizitaziorako aurrekontua, gehienez, 13.000 eurokoa izango dela jakinarazi du udalak, eta hiru ideiarik onenak bakoitza 1.000 eurorekin sarituko ditu.
Lehiaketaren oinarriak martitzenean argitaratu zituzten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.