TAO zerbitzuak galerak izan ditu 18 hilabetean, 600.000 euroko zorra eraginez
Gernika-Lumoko alkateak esan duenez, zorra nola kitatu negoziatu behar dute enpresarekin. Aparkalekuei buruzko azterketa sakona egiteko eskatu du EH BildukGernika-Lumoko TAO zerbitzuak galerak dituela salatu zuen EH Bilduk joan den asteko osoko bilkura...
Gernika-Lumoko alkateak esan duenez, zorra nola kitatu negoziatu behar dute enpresarekin. Aparkalekuei buruzko azterketa sakona egiteko eskatu du EH Bilduk
Gernika-Lumoko TAO zerbitzuak galerak dituela salatu zuen EH Bilduk joan den asteko osoko bilkuran. Urtebete baino gehiagoz, kontratu ez legezkoa duela esan zuen koalizioak.Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñoren esanetan, TAO zerbitzua ematen duen enpresarekin udalak duen kontratuak dio 18 hilabetez jarraian galerak izanez gero, udalak hartuko duela zorraren ardura. «Hala izan da. 18 hilabetez defizitarioa izan da zerbitzua, eta guri orain jakinarazi digute, hemezortzigarren hilabetean», esan du Gorroñok. Guztira, 603.000 euroko zorra egin dutela azaldu du alkateak, eta Gernika-Lumoko Udalak bere gain hartu beharko duela aitortu du. «Dena den, zorra nola kitatu negoziatu beharko dugu TAO zerbitzua ematen duen enpresarekin».
Aparkalekuen plana
Beste alde batetik, EH Bildu koalizioak salatu du urtebete baino gehiago daramala TAO enpresak ez legezko kontratuarekin. Gainera, TAO sistema, «defizitarioa izateaz gain, inoren gustukoa ez» dela esan zuen koalizioak.
Urtean 200.000 eta 250.000 euro arteko zorra sortzen duela dio EH Bilduk. Gauzak horrela, urtarrilean egin zuten osoko bilkuran eskatu zuen aparkalekuei buruzko azterketa sakona egiteaz arduratuko den lantalde zabala eratzeko. Aparkalekuen plana eta TAO zerbitzu eraginkor eta justua diseinatzeko asmoz, lantaldean, ordezkari politikoez gain, udal teknikariek, ostalariek, merkatariek eta herritarrek ere ekarpenak egiteko modua izatea eskatu zuen.
Tarifak
Beste herri batzurekin konparatuta, Gernika-Lumok azken urteetan ez ditu TAO zerbitzuaren tarifak berritu. Hala adierazi du Gernika-Lumoko alkateak. Azaldu duenez, TAO zerbitzuaren tarifetan aldaketak eginm aurretik osoko bilkurak onartu beharko luke erabaki hori, baina enpresak berak eskatu beharko luke aldaketak egiteko. «Guri, baina, enpresak ez digu holakorik eskatu, eta galerak zituenik ere ez dugu jakin orain arte», aipatu du Gorroñok.
Hala ere, EH Bilduren ustetan, EAJren eta Jose Mari Gorroño alkatearen lantaldearen asmoa oso bestelakoa da. Prentsa oharrean aipatu zuenez, udalak egin beharreko kontsulta eta analisiak eginak dituela esan du oposizioan dagoen koalizioak, eta egitasmoa prest dutela. EH Bilduk dio, egoiliar txartelaren tasa %50 igotzea eta aparkaldi luzerako eremu larrosa sortzea da udalaren asmoa.
Gorroñok dioenez, baina, tarifak igotzerik ez dute erabaki oraindik. «Proposamenak ditugu mahai gainean, eta aztertu beharko da zein neurri hartu enpresa kaudimenduna izan dadin». Gainera, alderdi politikoek ez ezik, ostalari eta merkatariek proposamenak egin dezaketela esan du alkateak.