Atzo, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu mailan, eta, horren harira, jarduerak antolatu dituzte Euskadiko Biodibertsitate Zentroak eta Urdaibai Bird Centerrek. Asteburura begira prestatu dituzte ospakizunak.
Iazko hezeguneen eguna
Zapatu-domekan egingo ditu jarduerak Busturiko zentroak. Esaterako, zapatuan argazkiak ateratzen ariko dira Urdaibaiko paduretan, bisita gidatua egingo dute, eta baita dokumental bat ikusi ere. 6 urtetik gorakoei zuzendutako tailer bat ere izango da egun horretan. Domekarako paduratik ibilbide gidatua eta irteera itsasontziz antolatu ditu Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Otzaragintza tailerra eta hezeguneetako animalien oinatzak ezagutzeko eta eskulan dibertigarriak sortzeko umeentzako tailerra ere egingo dituzte.
Gautegiz Arteagako zentroak, bestalde, ate irekien eguna egingo du domekan, hilaren 7an. Hala, 11:00etatik 17:00etara bitartean doan bisitatu ahalko da Urdaibai Bird Center. Gainera, “bisitaldiak autogidatuak izango dira, zentroko proiektuak ezagutzeko. Zentroko begiratokira iristerakoan teknikarien laguntza jasoko dute bisitariek, espezieen identifikazioan laguntzeko, hezeguneen kudeaketa nola egiten den azaltzeko…”.
Euskadiko Biodibertsitate Zentroko egitaraua:
Otsailak 6, zapatua:
- 10:00-12:30. Hezeguneak eta argazkiak. Etorri zure argazki kamararekin eta Oscar Carazo eta Javier Aizkorbe argazkilariekin (SEO Betsaide) egin itzazu argazkiak paduran. 15 urtetik aurrera. Tarifa: 3€.
- 12:30-13:30. Hezeguneen garrantziaz jabetzeko bisita gidatua. Bisita gidatua eta “Mokozabala Urdaibain: moko luzeko bidaiariak” dokumentalaren proiekzioa. Adin guztiak. Doan.
- 17:00-18:30. Gure hezegunea zaintzen. Zentroko hezegunea aberasteko tailerra. 6 urtetik aurrera. Tarifa: Doan.
Otsailak 7, domeka:
- 10:30-13:30. Gure hezeguneak: Urdaibaiko padurak. Paduratik ibilbide gidatua, eta Euskadiko Biodibertsitate Zentrora bisita. Adin guztiak. Doan
- 11:00-13:30. Otzaragintza tailerra. Egurraren bihotzarekin otzarak egiten ikasteko nagusientzako tailerra. 18 urtetik aurrera. Tarifa: 5€.
- 12:00-14:00. Itsasadarra itsasontziz. Urdaibai estuarioko ingurune naturala eta bere biodibertsitatea ezagutzeko itsasontziz irteera. Guztiei zuzendua. Tarifak: Helduak 22€, 6 tik 18 urte bitartean 10€ eta 6 urtetik beherakoak 1€.
- 17:00-18:30. Hezeguneetako oinatzen atzetik. Hezeguneetako animalien oinatzak ezagutu eta eskulan dibertigarriak sortzeko umeentzako tailerra. 6 urtetik aurrera. Tarifa: 1€.