Gernika-Lumoko aterpetxea kudeatzen duen enpresak bideragarritasun azterketa egingo duela jakinarazi du Jose Mari Gorroño alkateak. EH Bilduk gai horrekiko agertu duen kezka argitu nahi izan du Gorroñok. Izan ere, gaur egun kudeaketagaz arduratzen den enpresaren kontratazioa zein baldintzatan egin zen jakin nahi du EH Bilduk.
Gernikako aterpetxea
Alkateak dioenez, teknikariek aholkatutako kontratu txiki bat egin dio udalak enpresa horri, helburu zehatz batekin: aterpetxearen beharrizan errealak ezagutzea. “Abuztura arte, kexa asko batu ditugu aterpetxea dela-eta: harrera ordutegiagatik, instalazioak zaindu gabe zeudelako eta abar”, esan du alkateak. Beraz, deialdi publikorako pliegoak egin aurretik, aterpetxeari buruzko datu errealak ezagutu gura ditu udalak, Gorroñoren esanetan. Urtebeteko kntratua du gaur egun kudeaketarekin arduratzen den enpresak, eta bera izango da datuak biltzearen arduraduna.
Gai horrekiko informazioa eskatu izan du EH Bilduk azken hilabeteotan, eta erantzunik ez duela izan kritikatu du. Era berean, salatu du aterpetxeak lehen 1.800 euroko irabaziak ematen zizikiola udalari, eta orain 18.000 euroko kostua izango duela. Bestalde, aterpetxea erabiltzen duten erromesen dirua nora doan argitzeko ere eskatu dio Gernika-Lumoko Udalari.