Hala ere, lehenik eta behin, herrian dagoen beharrizana jakin gura dute. Horregatik, herritarrekin batu dira udalaren asmoak azaltzeko. Barikuan egin zuten bilera Tribisarrospen.
Erreka auzoa, Mundakan
Mundakako Udaletik azaldu dutenaren arabera, «herrian etxebizitza prezio eskuragarrian izateko aukerak erraztea da helburua; batez ere, Mundakako gazte eta familia berriei». Hala, Mundakako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) diseinatutako garapen eredua kontuan hartuta, babespeko etxebizitzak egiteko asmoa agertu dute; gehienez, 24 etxebizitza. Horiek Erreka auzoan kokatu gura dituztela azaldu dute, udalarena den lursail batean.
Udaletik jakinarazi dutenez, babespeko etxebizitzen promozio berri hori, interesa duten pertsona kopuru bat egon bezain laster jarriko dute martxan. Horregatik, interesa duten herritarrei udalaren webgunean zein udaletxean aurkitu ahalko duten inprimaki bat betetzeko eskaera egiten die. Modu horretan, udalak jakin ahalko du Babes Ofizialeko Etxebizitza bat erosteko prest dauden herritarren kopurua. Eskaera kopuru jakin bat duten bezain laster, Eusko Jaurlaritzagaz etxebizitza horien promozioa kudeatzen hasteko prest agertu dira.
Jakinarazi dutenez, Lurralde Zatikako Plangintzak, gehienez, 309 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen du Mundakan. Hala ere, Mundakako HAPOak «garapen arrazionala eta neurrizkoa» landu duela diote. Horregatik, gehienez, 164 etxebizitza berri eraikitzea baino ez da aurreikusten. Herritarrei etxebizitza eskuragarria bermatzeko asmoz, HAPOak aurreikusten dituen etxebizitza horien %41 promozio publikokoak izango dira, eta %59, araudi librekoak.
%9,8ko urbanizatuko azalera du Mundakak, planteamendu berriak, aldiz, portzentaia horren %0,8ko azalera urbanizatzea aurreikusten du; izan ere, herriaren berrantolaketa lursailen trukean eta zerbitzuen birkokapenean dago oinarrituta, eta ez, ordea, hiri erabilerarako orube berrien errekalifikazioan, «gutxiengoa izango dena». Modu horretan, lurzoruagaz ez espekulatzea bermatzen dela azaldu dute, bai eta zerbitzuak hobetu ere, «herritarren bizi kalitate hobea lortzeko».
Mundakako alkate Aitor Egurrolaren esanetan, «udalean gure herriko garapen iraunkorragaz hartu dugu konpromisoa. Etorkizuna diseinatu eta planifikatzeaz gain, errealitate bihurtu gura dugu». Bestalde, HAPOa idazteaz gain, horren garapena ere garatu gura du udalak. Hori dela eta, etxebizitzak eraikitzeko orubeen lagatze prozesua bideratzen hastea aurreikusten dute udaletik, hasierako izapideak erraztu aldera.