Material berrietan masterra egin zuen Leire Gartzia gernikarrak. Kimika ikasketak burutu ondoren, doktoretza egin eta nazioarteko tesia aurkeztu zuen. Espektrospiaren munduan lan egiten du; alegia, argiak materialekin nola elkarreragiten duen aztertzen du. Material beriak sortu ditu bere tesirako; nanomaterialak, hain zuzen. Eta berak sortu dituen material mikroskopiko horiek fotoaktiboak direla azaldu du: «Argia hartzen dute, eta gero, igorri».
Gartzia, laborategian lanean
Landareen antenen sistema imitatu duela dio, organismo fotosintetikoetan, zehatz esanda. «Landareen funtzionamendua izan dut oinarri; argia hartzen dute eta, gero, argi hori eraldatu egiten dute. Argia energia kimiko bihur dezakete behar dituzten elikagaiak lortzeko», dio.
Beraz, nanomaterialak baliatuta, eguzki argia ahalik eta gehien aprobetxatzea izan da Gartziaren xedea: «Nanomaterial horiekin batu, gero aplikatu ahal izateko».
Efizientzia hobetzeko
Sistema naturalengan inspirazioa hartuta, argia hartu eta energia bihur dezaketen hiru nanomaterial sortu zituen bere tesia egiteko: material hibridoak, nanopartikula polimerikoak eta antena molekularrak, hain zuzen. Gero, argia energia bihurtuta, erabilera ezberdinak izan ditzake. Gartziak dioenez, besteak beste, xafla fotoboltaikoen efizientzia hobetzeko edo laser gorrian erabiltzeko baliagarriak izan daitezke nanomaterial horiek.