Koalizioak dioenez, urtebete baino gehiago darama TAO enpresak egoera horretan, eta, horrez gain, Gernika-Lumoko Udalak 500.000 euro baino gehiagoko zorra duela enpresarekiko.
TAO makina, Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko EH Bilduk dioenez, TAO sistema, “inorez gustukoa ez izateaz gain, defizitarioa da”. Koalizioaren arabera, urtean 200.000 eta 250.000 euro arteko zorra sortzen du. Gauzak horrela, urtarrilean egin zuten osoko bilkuran eskatu zuen EH Bilduk aparkalekuei buruzko azterketa sakona egiteko lantalde zabala eratzeko. Aparkalekuen plana eta TAO zerbitzu eraginkor eta justua diseinatzeko asmoz, lantalde horretan, ordezkari politikoez gain, udal teknikariek, ostalariek, merkatariek eta herritarrek ere ekarpenak egiteko modua izatea eskatu zuen EH Bilduk.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok azaldu duenez, udalak enpresarekin duen kontratuak dio zerbitzuak 18 hilabetez jarraian galerak baditu udalak berak hartuko duela zor hori bere kargu. “18 hilabete horiek igarota jakinarazi digu enpresak galerak izan dituela hilabete guzti horietan, eta orain beraiekin negoziatu beharko dugu ordainketa nola egin”, azaldu du Gorroñok. Udalak zor hori bere gain hartu behar duela onartu du, baina ahalik eta modu egokienean kitatuko duela.
Bestalde, beste herri batzurekin konparatuta, esan du Gernika-Lumok azken urteetan ez dituela bere tarifak berritu. TAO zerbitzuaren tarifetan aldaketak egiteko osoko bilkurak onartu beharko lukeela azaldu du, baina enpresak berak eskatu behar duela. “Guri ez digute eskaerarik egin, eta ez dugu jakin ere galerak zituela”, aipatu du.
Hala ere, EAJren eta Jose Mari Gorroño alkatearen lantaldearen asmoa oso bestelakoa dela dio EH Bilduk. “Egin beharreko kontsulta eta analisiak eginak dituztela erantzun ziguten, eta egitasmoa prest dutela: egoiliar txartelaren tasa %50 igotzea eta aparkaldi luzerako eremu larrosa sortzea”. Gorroñok esan duenez, tarifak igotzerik ez dute erabaki oraindik. “Proposamenak ditugu mahai gainean, eta aztertu beharko da zein neurri hartu enpresa kaudimenduna izan dadin”. Gainera, alderdi politikoek ez ezik, ostalari eta merkatariek proposamenak egin dezaketela esan du alkateak.