Bizkaia Goazen 2030 plana aurkeztu du gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu-plana. 120 jarduera jasotzen ditu planak, tartean, Busturialderako aurreikusitako zenbait. Besteak beste, suhiltzaileen parke berri bat eraikiko dutela zehaztu du Rementeriak, eta baita Busturialdean arreta osoa emango duen aldundiaren bulego bat martxan jartzea ere.
Unai Rementeria ahaldun nagusia Bizkaia Goazen 2030 planaren aurkezpenean
3.500.000 euroko inbertsioa egingo du aldundiak 2018. urterako Busturialdean zerbitzua emango duen suhiltzaileen parke berri bat egiteko. Bestalde, Gertu programaren bidez, Durangaldean eta Busturialdean arreta osoa emango duten aldundiaren bulego-pilotu bana irekiko ditu 2016 eta 2019. urteen artean, bi eskualdeetako 122.121 pertsonari zuzenduta, eta 6.000.000 euroko inbertsioa eginda. Bulego horien helburua administrazioa herritarrengana hurbiltzea izango da, tramiteak errazago eta erosoago egin ditzaten.
Azpiegiturei dagokienez, Autzaganeko Urdinbideko tunelaren amaiera eta Askatasun Bidea kalea Bermeoko saihesbidearekin lotzeko lanak egiteko hitzarmena jasotzen ditu planak. Muxikako obretarako 21.897.168 euro aurreikusi ditu, eta 2.500.000 euro Bermeoko obretarako. Horiez gain, BI-2121 errepidean ere lanak egingo ditu, Morgan. Horretara 633.772 euro bideratuko ditu.
Azkenik, Tribisburuko nekropolia balorean jartzeko 28.000 euroko partida izango du aldundiak. Hain zuzen, uda honetan bisita gidatuak eskainiko ditu Mundakako aztarna horietara.
“Datozen hamabost urteetan Bizkaia hobe bat eraikitzeko lurraldea prestatzea” du helburu Bizkaia Goazean 2030 planak. “Estrategia horren bitartez, eguneroko jarduera osatu eta lurraldearen lehentasunetara bideratu nahi dugu: jarduera ekonomiko handiagoa eta kalitatezko enplegu gehiago duen Bizkaia; gizarteari eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa dagoen Bizkaia, guztiontzako aukera berdinekin; munduari eta aukera globalei lotuagoa dagoen Bizkaia, eta administrazio modernoagoa, hurbilagoa eta arduradunagoa duen Bizkaia”, azaldu du Rementeriak.