Durangaldetik lau txapel ekarri dituzte eskualdeko pilotariek
Nagusietan eta alebin B mailan lortu ditu txapelak Markina-Xemeingo taldeak; Kadete eta alebin A mailan, berriz, Lea Ibarra MotrollokLau garaipen lortu dituzte Lea-Artibaiko pilotariek Durangaldeko Eskupilota Txapelketan. Barikuan jokatu zituzten parti...
Nagusietan eta alebin B mailan lortu ditu txapelak Markina-Xemeingo taldeak; Kadete eta alebin A mailan, berriz, Lea Ibarra Motrollok
Lau garaipen lortu dituzte Lea-Artibaiko pilotariek Durangaldeko Eskupilota Txapelketan. Barikuan jokatu zituzten partidak federatuek eta zapatuan eskola mailako gaztetxoen txanda izan zen; bietan lortu zituzten pilotariek emaitza onak.Markina-Xemeingo taldeko Peio Etxebarrietak eta Ander Lejarzarazuk alebinetan eta Zubikaraik eta Balserak nagusien mailan jantzi dituzte asteburuan, Durangaldeko norgahiagokako txapelak. Beste bikoteak ere maila onean ibili ziren eta garaipenaren tantu bakarrera ere geratu ziren benjaminak, hala ere, ezin izan zuten azkenean, garaipenik etxera ekarri. «Umeen partidak oso estuak izan dira. Gainera, orain dela bi urte jokatzeko modua aldatu zenetik errazago egiten da, nahiz eta ondo jokatu, galtzea», adierazi du Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeko entrenatzaile Peio Urionabarrenetxeak.
Markina-Xemeingo entrenatzailea, «pozik» agertu da umeek egindako lanagaz. «Oso gaitza izaten da horrenbeste bikote finaletara heltzea, eta aurten, nagusien bikote bat eta umeen mailako lau izan ditugu», azpimarratu du. Txapelak baino garrantzitsuago dela esan du Urionabarrenetxeak, umeek egindako ahalegina.
Durangaldetik Bizkaira
Hiru finaletara ailegatu dira aurten Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotariak eta bi garaipen eskuratzea lortu dute. Uribarrik eta Ekainek jantzi zituzten barikuan kadeteen mailako txapelak, Iurretari irabazi ondoren. Hurrengo egunean, berriz, Kareaga eta Bernaola izan ziren alebin mailako garaileak.
Nagusien mailan eta alebinetan aurrez aurre aurkitu ziren eskualdeko bi taldeak eta bakoitzak garaipen bat eraman zuen etxera: nagusietan Markina-Xemeinek irabazi zuen eta alebinetan Leak.
Durangaldeko Eskupilota Txapelketa amaituta, Bizkaiko Txapelketa jokatzeko aukera izango dute finalean egon diren eskola mailako bikote guztiek. Horrela, zonalde bakoitzeko bikote indartsuenekin jokatuko dute aste batzuk barru hasiko den norgehiagoka.