Beste behin ere janari ugari batu du Busturialdean Besalde Elkarteak, Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bitartez. Elkartetik jakinarazi dutenez, guztira, 20.714 kilo batu dituzte. Bermeoko, Busturiko eta Mundakako denda eta hezkuntza zentro guztietan, Muxikako eta Gautegiz Arteagako eskoletan eta Gernika-Lumoko institutuan, Allende Salazarren, Seber Altuben, Barrutian, Barrutialde Institutuan eta supermerkatuetan egin dute bilketa.
Busturialdean bildutakoa kamioira sartzen
“
Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren helburu nagusia herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru handiena eroatea da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asebetetzekotan”, diote Besaldetik. Horregatik, eskualdeko bizilagunek aurten izan duten eskuzabaltasunagaz “oso pozik” agertu dira, eta eskerrak eman gura dizkiete aipatu kanpainan parte hartu duten partikular, denda, hezkuntza zentro eta udal guztiei. Bermeoko arrain fabrikek emandako atuna ere nabarmendu gura izan dute, eta bereziki Salicak egindako esfortzua eskertu gura izan dute; 16.712 kilo atun eman baitituzte. XII. Euskal Karabanarako Bermeoko Udalak eman duen 4.000 euroko diru laguntza ere eskertu gura izan dute.
Batutako janariaz gain, aurton, partikularrek emandako diru laguntza “handia” izan dela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, 1.119 euro batu dituzte, eta diru horrekin, janaria eta konpresak erosi dituztela azaldu dute.
Sahararen aldeko euskal karabana otsailaren 27an abiatuko da Bilbotik. Bildutako guztia Aljeriako kanpamenduetara eroango dute.