Hezurrek idatzita daramatena
Antropologia fisikoak euskal populazioaren historiaren eraikuntzari egin dion ekarpena azaleraztea du helburu Euskal Herria Museoan jarri duten erakusketak: 'Hezurretan idatzia'.Euskaldunen historia liburuetatik kanpo ere idatzi idatzi izan da; hezurre...
Antropologia fisikoak euskal populazioaren historiaren eraikuntzari egin dion ekarpena azaleraztea du helburu Euskal Herria Museoan jarri duten erakusketak: ‘Hezurretan idatzia’.
Euskaldunen historia liburuetatik kanpo ere idatzi idatzi izan da; hezurretan alegia. Hala, irakurri ez ezik, ikertu ere egin daiteke euskaldunak nondik datozen, zer-nolako bizimodua izan duten, berain elikadura, osasuna…Joan den eguenean inauguratu zuten Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Hezurretan idatzia izeneko erakusketa. Conchi de la Ruak eta Montserrat Hervellak komisariatutako erakusketa horrek antropologia fisikoak euskal populazioaren historiaren eraikuntzari egin dion ekarpena azaleraztea du helburu. Bilduma osteologikoak, hainbat hezur eta burezurrak ere badira ikusgai erakusketa horretan. Horien bidez azaltzen dute gizakiaren eboluzioa.
Hala ere, erakuketak azaleratu nahi du hezurretan beste hainbat gauza ere badaudela idatzita. Gizakiaren gaixotasunei, osasunari edo elikadurari buruzko informazioa ere ematen dute. Euskal Herria Museoan ikusgai dagoen laginean, esaterako, belauneko artikulazioan eta bizkar hezurrean endekapen osteartritikoa agertzen duen XV-XVI. mendeean bizi izan zen Irusta abadearen hezur aztarnak daude ikusgai, Ziortzako kolegiatatik ekarritakoak.
Izan ere, erakusketan jasota dagoenez, eskeletoetan aztarnen ikasketaren bidez gizakiak nola ingurunera moldatzen ziren ezagutu dezakegu; euren dieta eta osasunari buruzko informazioa ematen dute.
Antzinako aztarnak
Euskal Herrian aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak ikusgai daude erakusketan. Gaur egun adituek dituzten datuen arabera, Euskal Herria orain dela 300.000 urte populatu zen, Behe Paleolitoan. Informazio hau, koba batzuetan (Artazu, Arlanpe…) edota bizileku zituzten aire zabaleko aztarnategietan (Irikaitz, Mendieta…) aurkitutako zeharkako hondakinei esker ezagutzen dute antropologoek. Hala ere, kontserbatu diren giza hezurren ondarrak zerbait modernoagoak dira; hain zuzen, Arrasateko Lezetxiki kobazuloan aurkitu eta gutxienez 164.000 urteko antzinatasuna dutenak. Horiek ere ikusgai daude Euskal Herria Museoan.
Bisita gidatuak
Argibideak eta azalpenak ematen dituen ikusentzunezkoa ere bada erakusketan, eta museoak berak bisita gidatuak eskainiko ditu otsailaren 2tik aurrera. Informazioa eskatzeko museora deitu behar da: 946 255 451.