Urtarrilaren 30ean hasiko da GIZek antolatu duen sorosle ikastaroa
Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzuak (GIZ) uretako soroslea izateko ikastaroa antolatu du 2016ko lehen hiruhilabeterako, eta urtarrilaren 30ean hasiko da. Parte hartu gura duten horiek oraindik badute izena emateko aukera; urtarrilaren 22a izan...
Ikastaroko parte hartzaile kopurua mugatua izango da. Ohi legez, taldea osotzerako orduan bermeotarrek izango dute lehentasuna.
Ikastaroa 16 urte baino gehiago dituzten pertsonei zuzenduta dago. Gutxieneko adin hori edukitzeaz gain, parte hartzaileek derrigorrezkoa izango dute igeri egiten jakitea eta sasoi fisiko onean egotea. Izan ere, ikastaroa hasi aurretik, urtarrilaren 23an, sarrera proba bat egingo da Araneko Udal Kiroldegiko igerilekuan.
Lehen Sorospenak eta uretako sorospena batzen dituen ikastaro horrek Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioaren sorosle agiria lortzea ahalbidetzen du. Titulu horregaz, igerilekuetan zein hondartzetan lan egin ahal da.
Jantokiko begiralea
Bestalde, GIZek jantokiko begiralea izateko ikastaroa antolatu du beste behin ere. Ikastaro hori, otsailaren 20an hasi eta martxoaren 12an amaituko da. Ikastaro honetarako plaza kopuruak mugatuak dira baita ere, horregatik aurretiaz izena eman beharko da, eta jakinarazi dutenez, plaza kopurua bete arte aukera egongo da. Izena ematerakoan, 35 urtera arteko gazte bermeotarrek lehentasuna izango dute.
Ikastaroa otsaileko eta martxoko lau zapatuetan eskainiko da, Gurutz Gorriak Bermeon dituen bulegoetan.
Bi ikastaroei buruzko informazio gehiago jakin gura duten horiek, Gazteentzako Informazio Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke Gizarte eta Kultura Etxean, 94-617 91 58 telefono zenbakira deituta, edota giz@bermeo.eus-era mezu bat idatzita.