Zesta-punta harrobitik biziberritzen hasteko lehen pausoa eman dute
Euskal Herriko Xistera Kluben Kirol Kluba aurkeztu zuten zapatuan, Markina-Xemeinen. Klubak indartu, berriak sortu eta txapelketa indartsuak antolatuko ditu XisterakZesta-punta biziberritzen hasi ziren joan den zapatu goizean Markina-Xemeinen. Uni pilo...
Euskal Herriko Xistera Kluben Kirol Kluba aurkeztu zuten zapatuan, Markina-Xemeinen. Klubak indartu, berriak sortu eta txapelketa indartsuak antolatuko ditu Xisterak
Zesta-punta biziberritzen hasi ziren joan den zapatu goizean Markina-Xemeinen. Uni pilotalekuko harmailak ikustea besterik ez zegoen, mundu guztira zabaldu zen pilota modalitateari bultzada berri bat emateko dagoen ilusioa eta gogoa nabaritzeko. Erakundetako ordezkariak, eskolak, pilotariak, senideak eta zaleak, bat egin zuten Markina-Xemeingo frontoan egin zen Xistera Euskal Herriko Xistera Kluben Kirol Klubaren aurkezpenean.Goizetik hasi ziren autobusak ailegatzen Markina-Xemeinera. Goiko Portala izan zen guztien bilgune, eta hantxe atera zuten lehen argazkia eguneko protagonistek. Ondoren, kalejiran alde zaharretik buelta bat eman ostean, frontoirako bidea hartu zuten ekitaldi nagusiari hasiera emateko.
Arantxa Ugarte eta Jon Eskuderok aurkeztu zuten ekitaldia, eta eurekin batera kantxara ateratzen lehenengoa Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea izan zen. Alboan izan zuen Jauregik, hemendik aurrera, Xistera elkargoaren lehendakari izango den Ibon Urreisti mutrikuarra.
Guztiak batera
Zapatua, azken urteetan zesta puntak jasandako gainbeheraren mugarria izatea nahi zutela azpimarratu zuten aurkezpenean, eta Xistera proiektua aurrera ateratzeko lehenengo eta ezinbesteko baldintza denak batera egotea dela nabarmendu zuten: ordezkari politikoak, udaletxeetako arduradunak, Xistera elkartekoak, pilotariak, gurasoak eta herritarrak. «Xistera proiektuak zesta-punta biziberritu nahi du, Euskal Herriko txoko guztietan», esan zuten.
Patxi Jauregik azaldu zuenez, zesta-puntaren egoera kritikoa ikusita, orain dela bi urte eta erdi, zesta-puntaren inguruko eragile batzuk batu eta egoera horreri buelta emateko zer edo zer egin behar zutela erabaki zuten, «eta ahalik eta azkarren, hobeto». Horrela, lehenengoz, Euskal Herriko klubak, Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldekoak bat egin eta Euskal Herriko Xistera Kluben Kirol Kluba sortu dute. «Irizpideak batu eta indarrak eta ideiak bideratzeko balioko du», adierazi zuen Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak.
Erakundeek agertutako babesa eskertu zuen Patxi Jauregik: Eusko Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundiena bai eta udalena ere. Aipamen berezia egin zion Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuari. «Lehen momentutik zesta-puntaren egoeragaz sentsibilizatu eta gehien bultzatu eta babestu duen pertsona izanik».
Jon Eskuderok eta Arantxa Ugartek Xisteraren oinarriak aipatu zituzten. Zesta-punta biziberritzeko neska-mutilak kirol horretara erakarri behar direla azaldu zuten, eta horretarako, eskolak indartu eta berriak sortzen lagundu, eta pilotari gazteei etorkizun erakargarri bat eskaini behar zaiela adierazi zuten. «Euskal Herrian zesta-puntako 21 klub daude, 16 hegoaldean eta 5 iparraldean, eta berriak sortzen hasi dira. Orain dela bi aste abiatu zen Ereñon elkarte bat eta Lekeition ere estreinatzear dira beste bat», aitatu zuten.
Horretaz gainera, lehiaketa erakargarri bat sortuko dute pilotari txiki eta gazteek euren balia erakutsi eta publikoak gozatu ahal izateko. «Zesta-punta kirol ikusgarria da eta bere lekua berreskuratu behar du hemen, etxean, sortu den lekuan. Zesta punta pilotarientzako eta ikusleentzako erakargarria izaten denean kantxak eta harmailak beteko ditu». Etxekoa indartzen duten bitartean Jai Alai kanpora ere zabaltzeko asmoa dute.
Aurrera begira
«Izan zirelako gara eta garelako izango dira» esaldiagaz laburbildu duten bideoa eman eta gero, Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendariak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak proiektua zoriondu eta animatu zuten. «Kontuan hartu behar dugu etorkizuna guk ereingo dugula. Atzekoa ikasiz, diagnostiko egokiak eginez, leihaltasunez lan eginez, egia nagusi jarriz eta aurrera begiratuz. Eta batez ere lankidetzan, gaur ere argi geratzen den moduan», adierazi zuen Lorea Bilbaok.
Olatuak, bertsoak, txaloak eta gazteen partidak egon ziren, eta argazkia atera eta agurragaz amaitu zen ekitaldia.