Valdezcarayra joango dira
Mundakako, Gautegiz Arteagako eta Busturiko udalek snowboard edota eskiatzera joateko irteerak antolatu dituzte. Hain zuzen ere, Errioxako (Espainia) Valdezcaray eski estaziora izango da irteera hiru kasuetan.
Egun osoko txangoa izango da arteagarrena, mundakarrena zein busturiarrena. Gautegiz Arteagako Udalak urtarrilaren 23rako antolatu du irteera. Joan gura duenak aldez aurretik eman beharko du izena urtarrilaren 20a baino lehen, Aretxederreta Kultur Etxean.
Irteeraren prezioa 70 eurokoa dela azaldu dute udaletik, eta prezioaren baitan daude, hain zuzen ere, garraioa, frofaita, ski edo snowboard egiteko ekipamenduak, begiraleak eta snowboard irakaslea.
Egun horretan, 07:00etan aterako direla azaldu dute, Gautegiz Arteagako plazatik. Juan Felix Naberan alkateak, herritarrak animatu gura ditu irteeran parte hartzera, «elurretan egun borobila pasatzeaz gain, herritarren arteko harremanak sendotzeko aukera ezin hobea ematen duelako».
Otsailaren 28an, Mundakan
Mundakako Udalak, aldiz, datorren hilean egingo du Valdezcarayra irteera, otsailaren 28an, hain zuzen. Mundakarrentzat 69 eurokoa izango da irteeraren prezioa, horren barne izanik, arteagarrek dituzten gauza berdinak.
Mundakarrak, 07:00etan aterako dira otsailaren 28an, Goiko Kaleko bus geltokitik.
Joan gura dutenek, baina, aurretiaz eman beharko dute izena 94-617 72 01 (Turismo Bulegoa) edo 94-617 71 42 (kiroldegia) telefono zenbakietara deituta, edo gonkirola@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.
Busturian, otsailaren 14an
Busturiarrentzat merkeagoa izango da irteera, 59 euro ordainduko dute danagatik, herrian erroldatutakoek. Erroldatuta ez dauden horiek, aldiz, 69 euro ordainduko beharko dute irteera.
Busturiko Udalak antolatutako irteera otsailaren 14an izango da, eta Axpe eta San Kristobal auzoetan batuko dituzte herritarrak 07:00etan.
Joan gura dutenek, otsailaren 8ra arte eman ahalko dute izena Altamira auzoko Kultur Etxean.