Dakar 2016ko zazpigarren etapan, Txomin Arana
Txomin Arana Gernika Off Roadeko moto gidariak ezin izan du aurtengo ametsa bete. Joan den astean bikain aritu ostean, Dakar lasterketaren bigarren zatia hasi bai, baina ezin izan du amaitu. Zortzigarren etapa izan dute gaurkoa, Salta eta Belen artekoa. Bederatzigarren eta azken kontrola gainditu egin du, baina, ondoren, erori eta min hartu du. Haren hurbilekoen arabera, erreka siku bat igotzen zegoela harri bat zapaldu, eta lepoz jausi da. Motorra erabat hautsi zaio eta berak min hartu du gerriaren bueltan eta hankan. Ez dakite oraindik erietxera eramango duten edo ez. Dakarreko asistentzia dagoen lekuan artatuko dute, behin-behinean.
«Espero baino hobeto» moldatzen ari zen Txomin Arana Dakar lasterketan, eta gaurko etapa hasterakoan 11. zegoen sailkapen orokorrean. Aranak berak azaldu zuenez, «nabigazioari dagokionez, etapa oso zailak dira bigarren zatikoak». Guztira, 394 kilometroko etapa berezia egin behar izan dute gaur. Aurtengo lasterketan lehenengoz, gainera, dunen gainetik ibili dira gidariak. Aurreko asteetakoa baino zailagoa izango zela bazekien Gernika Off Roadeko kideak.
Dakarreko posturik onena barikuan eskuratu zuen ereñarrak, Boliviako Uyuni hiriko etapan. Orduan, 05:59:47ko denbora behar izan zuen ibilbidea burutzeko; irabazleak –Toby Price australiarra– baino 7 minutu eta 59 segundo gehiago. Orokorrean «lasterketa ona» izan zen egun horretakoa ereñarrarentzat. Etapa erraza izan ez bazen ere, indarrak atera eta gogor ekin zion bideari.
Zapatuan ere zazpigarren
«Etapa hasi eta gutxira, hainbat pilotu galdu egin ziren, eta horiekin topo egin nuen. Beraiekin abiatu nintzen etapa erdira arte, Ruben Faria lurrean aurkitu genuen arte», azaldu zuen. Gerard Farres pilotua geratu zen portugaldarrarekin –gerora, bueltan izango zituen bertan galdutako minutuak–. Hori horrela, Aranak aurrera jarraitu zuen. Gogorrago ekin zion orduan, hartara, Jordi Viladoms atzean mantentzea ziurtatzeko. Amaierara arte, «erritmo ona» eraman zuen, eta horrek zazpigarren postuan bukatzea ahalbidetu zuen.
Zapatuko etapa ere postu berean bukatu zuen. Hain justu, 02:32:30eko denbora egin zuen Uyunitik Saltara bitarteko etapa berezian. Antoine Meo frantziarrak irabazi zuen orduan etapa, eta berak baino 5 minutu eta 3 segundo gehiago behar izan zituen bertoko moto gidariak helmugara ailegatzeko. Ofiziala ez den Husqvarna markako moto gainean atera zen Ereñoko pilotua beste etapa bat lehiatzeko asmoz. Lehiatu, eta laguntzeko astia ere hartu zuen. Izan ere, irteera puntutik gertu Mathias Walkner pilotua laguntzeko geldialdia egin zuen, helikopteroa iritsi bitartean. Lurrean zegoen austriarra, izterrezurra haustuta. Hura laguntzearren, hamar minutu galdu zituen ereñarrak; hala ere, eguna bukatutakoan, berari zein zauritutakoa laguntzen aritu ziren Pablo Quintanilla eta Paolo Goncalvesi galdutako denbora itzuli zieten.
Etaparen bigarren zatian, nabigazio arazo bat izan zuen, eta amaierarantz, ekaitza izan zen. Lasterketa geldiarazi zuten, eta pilotuek etaparen lehen zatian egindako denbora hartu zuten kontuan.