Gazteleraz eta euskaraz trebatzeko aukera ematen du programak
Etorkinei zuzendutako Berba Truke programa eskainiko du, beste urte batez, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Euskara edota gaztelania hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen ditu programak; hala, bikote linguistikoak sortu eta berbetan aritzeko aukera ematen die.
Busturialdean bizi diren 18 urtetik gorako etorkinei zuzenduta dago programa. Hala ere, parte hartzeko euskaraz ala gazteleraz oinarrizko elkarrizketa mantentzeko gai izan behar dutela jakinarazi dute. Era berean, euskara edo gaztelania menperatu eta eskualdean bizi diren herritarrei ere dei egiten die Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak programan parte hartzera. Prest egon beharko dute ikasten ari diren ikasleekin geratzeko. Programaren iraupena hamar astekoa izango dela ere zehaztu dute antolatzaileek, eta astean behin geratu beharko dira bikoteak, ordubete gutxienez. Helburua hizkuntza batean zein bestean hitz egitea da, eta, horretarako, inolako titulaziorik ez da behar.
Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuko arduradunak programan parte hartzeko interesa dutenak elkarrizketatuko ditu. Hala, jasotako informazioarekin –zaletasunak, ordutegiak…–, bikoteak osatuko ditu.
Berba Truke programak helburu zehatz batzuk ere baditu. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko arduradunek zehaztu dutenez, etorkinek euskara eta gaztelera ezagutzea da xedea. Horrez gain, bertoko kultura ezagutzeko aukera ere emango die programak.
Alderantziz, bertoko herritarrek ere etorkinen jatorrizko herrien ohiturak eta hango kultura ezagutzeko parada izango dute Berba Truke programan parte hartuz gero.
Busturialdean bizi diren jatorri ezberdinetako auzokideen arteko bizikidetza ere indartu nahi du programak. Era berean, denen arteko elkar ezagutza ere bultzatuko du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak garatu duen Berba Truke programak.
Informazio gehiagorako eta izena emateko 944 653 323 zenbakira deitu behar da.