
Txomin Arana Dakar 2016ko zazpigarren etapan. Argazkilaria: Gernika Off Road.
Atseden eguna dute gaur Dakarreko parte hartzaileek. Atzo, zazpigarren etapa burutu zuten, eta bihar, lasterketako bigarren zatiari ekingo diote gidariek. Guztira, hamahiru etapaz osatuta dago Dakar lasterketa; hortaz, beste sei etapa gainditu beharko dituzte lasterketa bukatu ahal izateko.
Iaz, pozik agertu zen Ereñoko moto gidaria, Dakarrean 16. postua eskuratuta. “Gustatuko litzaiguke aurreko marka gainditzea, edonori bezala. Baina oso gaitza izango da; hori badakigu. Oso postu ona eskuratu genuen iaz; punta-puntako pilotuekin egon ginen lasterketa guztian zehar, eta aurten ahalegina egingo dugu leku berean egoteko”, azaldu zion Hitzari sorterria utzi, eta Argentinarantz abiatu aurretik. Horrela jarraituko balu, beraz, helburua beteta izango luke. Horretarako, baina, datozen sei etapak orain arte bezala egin beharko lituzke.
Azkeneko bi etapak postu berean amaitu ditu ereñarrak: zazpigarrenean, hain zuzen ere. Atzo, esaterako, 02:32:30eko denbora egin zuen Uyunitik Saltara bitarteko etapa berezian. Antoine Meo frantziarrak irabazi zuen orduan etapa, eta berak baino 5 minutu eta 3 segundo gehiago behar izan zituen bertoko moto gidariak helmugara ailegatzeko. Ofiziala ez den Husqvarna markako moto gainean atera zen Ereñoko pilotua beste etapa bat lehiatzeko asmoz. Lehiatu egin zuen, baina laguntzeko astia ere hartu zuen. Izan ere, irteera puntutik kilometro gutxitara Mathias Walkner pilotua laguntzeko geldialdia egin zuen, helikopteroa iritsi bitartean. Lurrean zegoen austriarra, izterrezurra haustuta baitzeukan. Berau laguntzearren, hamar minutu galdu zituen lasterketan ereñarrak; hala ere, eguna bukatutakoan, berari zein zauritutakoa laguntzen aritu ziren Pablo Quintanilla eta Paolo Goncalvesi galdutako denbora itzuli zieten. Istripua ikusi ostean, erritmoa aurkitzea zail izan zuela azaldu du Gernika Off Roadek; hala ere, ez zuen denbora aksorik behar izan berriro ere, bere erritmora egokitzeko. Etaparen bigarren zatian, nabigazio arazo bat izan zuen, eta horrek denbora galtzea ekarri zion. Gainera, etaparen amaierarantz, ekaitza izan zen, eta horrek egoera aldatu zuen. Lasterketa geldiarazi zuten, eta pilotuek etaparen lehen zatian egindako denbora hartu zuten kontuan.
Barikuan, bestalde, seigarren etapa izan zuten jokoan, eta orduan, 05:59:47ko denbora behar izan zuen Aranak ibilbidea burutzeko; irabazlea –Toby Price australiarra– baino 7 minutu eta 59 segundo gehiago.
Lehenengo hamarretatik oso gertu
Hala, azken bi etapetan lortutako emaitza bikainei esker, sailkapen orokorreko lehenengo hamar postuetara gerturatzea lortu du. Espainiako Juan Pedrero Garciaren atzetik eta Amerikako Estatu Batuetako Ricky Brabecen aurretik dago, gaur gaurkoz, Dakarreko motoen sailkapen orokorrean Gernika Off Road taldeko moto gidaria. Guztira, 23 ordu 26 minutu eta 26 segundo behar izan ditu zazpi etapa bereziak hasi eta bukatzeko; alegia, sailkapeneko gorenengo postuan den Paulo Goncalves portugaldarrak baino 33 minutu eta 56 segundo gehiago.
Denbora horiek gehitzen joango da etapak lehiatu ahala. Gaur atseden eguna badu ere, bihar zortzigarren etapari egin beharko dio aurre; hain zuzen, Saltatik Belenerainoko bidea egin beharko dute pilotuek. Aurreko urteetan legez, dunak bidelagun izango dituzte parte hartzaileek, eta etapa horretan edukiko dute horietaz gozatzeko aukera. Batzuek, gainera, besteekiko aldea markatzeko aukera ere izango dute.