
Txomin Arana Dakar 2016ko seigarren etapan. Argazliaria: Gernika Off Road
Orain arteko posturik onena eskuratu zuen atzo Ereñoko moto gidariak, Boliviako Uyuni hiriko etapan. Orokorrean “lasterketa ona” izan zen atzokoa berarentzat. Etapa erraza izan ez bazen ere, indarrak atera eta gogor ekin zion bideari Aranak.
“Etapa hasi eta gutxira, hainbat pilotu galdu egin ziren, eta horiekin topo egin nuen. Beraiekin abiatu nintzen etapa erdira arte, Ruben Farias lurrean aurkitu genuen arte”, azaldu du ereñarrak. Gerard Farres pilotua geratu zen portugaldarrarekin -gerora, bueltan izango zituen bertan galdutako minutuak-. Hori horrela, Aranak bere bidea jarraitu zuen. Gogorrago ekin zion orduan bertoko pilotuak, hartara, Jordi Viladoms atzean mantentzea ziurtatzeko. Amaiera arte, “erritmo ona” eraman zuen bertokoak, eta horrek zazpigarren postuan bukatzea ahalbidetu zuen.
Garaiera nabaria
Altuera handietan ibili behar izan zuten atzo Dakarreko parte hartzaileek, eta garaiera hori nabari izan zuten, bai pilotuek eta baita beraien ibilgailuek ere. Hala ere, fisikoki “ondo” zegoen Arana, eta horrek ere, asko lagundu zuen lortutako postua ziurtazen.
Oraindik, “etapa garrantzitsuak” gelditzen direla aipatu du Ereñokoak, eta, horregatik, kontzentratuta jarraitu beharko duela gaineratu du.
Gaur, esaterako, Bolivia utzi, eta, berriz ere, Argentinan sartu beharko dira; hain zuzen, Uyunitik hasi eta Salta probintziarainoko bidea egin beharko dute Dakarren parte hartzen ari diren moto gidariek. Zazpigarren etapa izango dute gaurkoa.
Gaur, zazpigarrena
Gaur ere, garaiera altuetan ibili beharko dira; 3.000 eta 4.800 metro artean. Gaurkoan, 481 kilometrotako loturazko etapa eta 336 kilometrotako etapa berezia egin beharko dute gidariek. Bide horretan, hainbat ibai zeharkatu beharko dituzte, harrizko guneak igaro beharko dituzte… Hala ere, orain artekoan bezala, gaurkoan ere ondo egingo duenaren esperantza dauka Gernika Off Road taldeak.
Motoziklismo taldea oso pozik da ereñarra egiten ari den lanagaz, eta atzo egindakoa “ikaragarrizkoa” izan zela esan du. Era berean, Txomin Arana ez dela gidari ofizial bat gogora ekarri du, eta motoziklismo munduko onenekin lehiatzen ari dela nabarmendu du. Taldetik horrela jarraitzera animatu dute Arana eta harekin Dakarrera joan den taldea.