Ondarroako Udalak hamar mendi igotzera gonbidatu ditu herritarrak
'Kalamendira egunero baietz' kanpaina arrakastatsuaren ostean, '100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo 2016an' erronka abiatu du udalak. 25 mendiren artean aukeratu daitekeUrtea hasteagaz batera Ondarroako Udal Kirol Batzordeak kanpaina berria ipini du ...
‘Kalamendira egunero baietz’ kanpaina arrakastatsuaren ostean, ‘100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo 2016an’ erronka abiatu du udalak. 25 mendiren artean aukeratu daiteke
Urtea hasteagaz batera Ondarroako Udal Kirol Batzordeak kanpaina berria ipini du martxan: 100 ondarrutarrek baietz 10 mendi igo 2016an. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, ondarrutarrek Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hamar mendi igotzea nahi dute.Udal kirol batzordeak martxan jartzen duen bigarren erronka da aurtengoa. Izan ere, 2014an Kalamendira egunero baietz kanpainak izan zuen arrakasta ikusirik, esperientzia errepikatzea erabaki dute.
Egitasmo berriari dagokionez, martxan ipini zutenetik lau egun besterik ez badira igaro ere, herritarrek ondo erantzun dutela eta martxa onean doala azpimarratu dute. Azken lau egunotan, esaterako, nahikoa argazki jaso dituzte, eta mendizaleren bat edo bestek mendi bat baino gehiago ere igo ditu.
Erronkari dagokionez, aurtengoa ere beteko dela uste dute antolatzaileek. «Nahikoa argazki jaso ditugu, eta jendeak interesa ere baduela ere ziurtatu dugu. Facebooken egindako deialdia, esaterako, 25 pertsonak baino gehiagok elkarbanatu dute».
Zailtasun ezberdinetakoak
Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz, eta ahalik eta herritar gehienek parte hartze aldera, zailtasun ezberdineko 25 mendiko zerrenda bat egin da. Mendi batzuk familiagaz joateko bezalakoak dira, eta beste batzuk, ordea, ongi prestatuta egotea eskatzen dute. Bestalde, mendi bizikleta zaleentzako ere pentsatua dago erronka. Bertan, inguruko mendiez gain, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldean dauden beste hainbat ere agertzen dira. «Horrekin ahalik eta jende gehienak parte hartzea, osasuna zaintzea, ingurumenarekiko errespetua eta mendizaletasuna bultzatu nahi ditugu».
Erronkan parte hartu nahi dutenek 25 mendi horietatik hamar aukeratu beharko dituzte, eta tontorrera igo ostean, argazki bat atera eta kirolagenda@gmail.com helbide elektronikora bidali edo Facebookeko Kirol Agenda kontua etiketatu. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, igoeraren balorazio txiki bat ere bidaltzea eskertuko da, erabilitako bidea zein izan den edo zein alderditik igo den aipatuta.
Aurreko erronkan egin modura, oraingoan ere argazkiak publiko egingo dira Kirol Agendaren Facebook orrialdean eta aurrerago adieraziko duten Issuu webgunean. Horrez gain, astelehenero estitistikak argitaratzen joango dira, eta barikuetan, aldiz, zerrendan agertzen den mendi baten inguruko informazioa ere igorriko da.
Zozketak, hilero
Jasotzen diren argazki guztien egileen artean zozketa egingo da hilero. Bestalde, sei hilabetero sari bereziak ere banatuko dira, erronka gainditzen dutenen artean.
Azkenik, erronkan parte hartu dutenen artean ere hainbat gomendio eman dituzte; norbere mailako mendiak aukeratzea, mendira joateko material egokia erabiltzea, federatuta egotea, mendia zaintzea eta eguraldiaren aurreikuspenak ikusi eta errepestatzea gomendatu dute, «ezustekorik ez gertatzeko».