Bermeotarrek zapatuan eginiko ekarpenei esker, kalez kale eginiko bilketan, ume guztiek jostailuak izatea lagunduko du gabon hauetan.
Izaro Bikers, Gurutze Gorria eta Bermeoko Kofradia laguntzaile bezala izanez, elkartea oso pozik agertu da jendeak izan duen erantzunaz. «Oso ondo joan da jostailu bilketa, bai kantitate eta bai kalitate aldetik» Mirenlur Santiago Kate Sareako presidenteak adierazi duenez.
Jostailuak egoera onean
Aurtengo bilketan jaso diren jostailu gehienak gainera, pasadan urtean baino egoera hobeagoan egon dira. Jendea kontzientzia hartzen ari da, nahiz eta jostailu zaharrak izan, egoera onean laga behar dituztela beste ume batzuentzat baitira. Jaso dituzten ekarpen gehienak mahai jokoak eta peluxeak izan dira, hain zuzen.
Gurasoak Kofradiak kanpainarako hutzi duen lokalera hurbiltzen dira jostailuen bila eta familia bakoitzak 3-4 eramateko aukera izaten dute; «askotan jendeari lotsa ematen dio jostailu bila joatea eta horregatik eskoletan banatzen ditugu. Jostailu batzuk gainera kanpora bialtzen dira, Saharara adibidez» elkartekidearen esanetan. Elkarteak 600 pertsona ingururi eskeintzen die laguntza eta horietatik ia 200 haurrak dira.
Eskolen parte hartzea
Herriko eskolek ere asko lagundu dute jostailu bilketan. Kate Sareatik gazteei aukera eman nahi diete beraiek ere konpromezua hartu dezaten gauzak aldatzeko. «Eskolen inplikazioa oso handia izan da eta oso pozik gaude alde horretatik» Mirenlur Santiagoren esanetan.
Jostailu bilketa, hala ere, irekita dago oraindik. Zapatuan laguntzeko aukera izan ez zutenek, abenduaren 20a bitartean, Ormaza lantegi zaharrera hurbiltzeko aukera dute ekarpenik egin nahi badute, goizeko 11:00etatik 13:30etara, astelehenetan izan ezik.