
Babesa erakutsi dio EH Bilduk Goienetxeari, gaur emandako prentsaurrekoan
Bermeoko San Migel auzoko etxebizitzen harira, Anton Erkoreka Barrenak Juan Karlos Goienetxea eta Tomas Tardioren aurka jarritako salaketa behin-behinean artxibatu egin du Gernika-Lumoko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. zenbakiko auzitegiak. Hala ere, Erkorekak epai horren aurkako helegitea jarri du, eta tramitera onartu dio aipatu auzitegiak. Hori dela eta, gai horrek oraindik bere bide judiziala jarraitzen duela gogorarazi du Erkorekak.
2013an jarri zuen Erkorekak Goienetxea eta Tardioren aurkako salaketa, influentzia trafikoa eta prebarikazioa egitea leporatuta. San Migel auzoko lurzoru batzuen birkalifikazioan du oinarri prozesuak. 2008. urtean, Erkorekak bere lurrak hiri-lur bezala kalifikatzeko eskaera egin zion udalari (EAJ zegoen orduan udal gobernuan), baina ezeztatu egin zion.
2009an, berriz, behin-behineko HAPOa proposatu eta onartu zuen udal gobernuak, EAren kontrako botoekin.
Behin-behineko onarpen horren ostean, eta planak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzaren Batzordearen oniritzia jaso zuela kontuan hartuta, 2011n behin betiko onartu zuen osoko bilkurak aho batez (Bildu agintaldian zegoela).
Gauzak horrela, 2013. urtean, etxebizitza bat eraikitzeko lizentzia eskatu zuen Eder Etxegintza S.L. enpresak, eta udalak onartu. 16 etxebizitza egitea aurreikusten zuen proiektuak; 6 etxebizitza tasatu, eta gainontzeko 10ak etxebizitza libreak. Erabakiarekin ados ez, eta epaitegietara jo zuen Erkorekak.
Hala, administrazioarekiko auzien prozesua martxan jarri zuten, Bermeoko Udalak prozedura administratiboan zerbait gaizki egin ote duen argitzeko. Eta administrazioarekiko auzietako epaileak dio San Miguel Auzoko lurzoru hori eraikitzeko lurra dela, hiri-lurra beharrean. Erabaki horren aurrean, eta gune hori hiri-lurra dela iritzita, Bermeoko Udalak kasazio helegitea jartzea erabaki zuen.
Erkorekak etxebizitza horien lanak eteteko eskatu arren, epaileak ez zuen horretarako arrazoirik ikusi; «lurzoru horiek hiri-lur zein eraikitzeko lur izan arren, etxeak eraikin eraikin daitezkeelako kasu batean zein bestean».
Erantzukizun politikoa
Zigor-arloko epaitegietara ere jo zuen Erkorekak, udalari erantzunkizun politikoa eskatuz. Halaber, eraikitzen hasi diren etxebizitza horiek eraisteko ere eskatu zuen zigor-arloko epaile horrek, baina Bermeoko Udal Gobernuak epailearen autoaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen.
Joan den azaroan Administrazioarekiko auzietako auzitegiak Bermeoko Udalak 2013an Eder Etxegintza S.L. eraikuntza enpresari San Migel auzoko 26.1 lurzoruan 16 etxebizitza eraikitzeko emandako lizentzia bertan behera uzteko epaia eman zuen; eta udalak erabaki horri ere helegitea jarri zion.
Erkorekak azaldu duenez, etxebizitzak egiteko baimen hori HAPOa idatzi zuten arkitektoen aurkako txostenarekin eman zuten. Gainera, honakoa ere azpimarratu du: «Azken epaiak jasotzen du Auzitegi Nagusiak behin eta berriro aipatzen duela obren lizentzia bertan behera utziz gero, eraikina eraitsi egin beharko litzatekeela».
Atzo egin zuen EH Bilduk epaiaren berri emateko prentsaurrekoa Bermeon, eta bertan, EH Bilduko batzarkide, zinegotzi zein militanteek babesa adierazi zioten Goienetxeari.
Joseba Gezuraga EH Bilduren batzarkideak, gainera, EH Bildu Bermeo zoriondu zuen, «erakutsitako elkartasun, pluraltasun, sendotasun eta gardentasunagatik».