
Gernika Bizkaiak 97-58 irabazi zion Añares Riojari zapatuan, Malosten.
Spar Gran Canariaren aurka jokatuko dute etzi, 19:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, Emakumezkoen ligako lehen itzuliko azken jardunaldian, talde denek ordutegi bera izango dute.
Gernikarrak hogei puntugaz bosgarrenak dira sailkapenean, eta Mann-Filter laugarrenak ere hogei puntu ditu. Avenidak lidertzari eusten dio 23 puntugaz, eta Girona bigarrenak eta Conquero hirugarrenak 21 puntu dituzte.
Lehen itzuli bikaina garaipenagaz borobildu gura du taldeak. Izan ere, hamabi jardunaldi jokatu dituzte orain arte, eta horietatik lau partida bakarrik galdu ditu talde gernikarrak, hiru etxetik kanpo eta bakarra Malosten.
Bigarren jardunaldian 67-56 galdu zuten Avenidaren kontra, zortzigarren jardunaldian Bembibrek 81-64 garaitu zituen, eta Conqueroren kontra 76-67 galdu zuten hamargarren jardunaldian. Etxeko porrot bakarra bederatzigarren jardunaldian jaso zuten Gironaren aurka (63-71).
Erregina Kopa Donostian
Espainiako Saskibaloi Federazioak gaur jakitera eman duenez, 2016ko Erregina Kopa Donostian jokatuko dute otsailaren 6an eta 7an. Beraz, IDK Gipuzkoa taldeak antolatuko du, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioagaz eta Euskadiko Saskibaloi Federazioagaz elkarlanean.
Koparen antolatzaile denez IDK Gipuzkoak jokatuko du Erregina Kopa beste hiru taldegaz batera. Avenida ere dagoeneko sailkatuta dago, hamar garaipen jarraian lortu baitzituen.
Erregina Kopa lehiatzea da Gernika Bizkaiaren helburua, eta horretarako zapatuko partida irabazteaz gain, Mann-Filterrek Gironaren kontra galdu behar du. Azken jardunaldian, honako lau talde hauetako bik lortuko dute Erregina Koparako txartela: Gernika Bizkaia, Girona, Conquero eta Mann Filter.