Zesta-puntagaz bat egin dute markina-xemeindarrek
Zesta-puntak jaialdi handi bat bizi izan zuen zapatuan, Pilotaren Unibertsitatean. Harmaila guztiak jendez bete ziren lehenagoko garaietako giroa berpiztuzAspaldiko partez Markina-Xemeingo frontoia bete-bete egin da zesta-punta jaialdi bat ikusteko. Ha...
Zesta-puntak jaialdi handi bat bizi izan zuen zapatuan, Pilotaren Unibertsitatean. Harmaila guztiak jendez bete ziren lehenagoko garaietako giroa berpiztuz
Aspaldiko partez Markina-Xemeingo frontoia bete-bete egin da zesta-punta jaialdi bat ikusteko. Harmaila guztiak eta goiko partea, tabernaren ingurua, ere leporaino. Giro handia zesta-puntari bultzada eman eta lehenengoz AEBra jokatzera doazen herriko gazte bi agurtzeko.Animoak eta txaloak ez ziren falta izan joan den zapatuan Pilotaren Unibertsitatearen frontoian. Tantu bakoitza txalotu eta epailearen erabakiak arbuiatu zituzten ehunka ikuslek, gogotsu.
Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako ikasleen partidekin hasi zen jaialdia. Gaztetxoenak atera ziren lehenengo kantxara eta eurekin batera, Izaro Arbe, jaialdiko neska bakarra. Erakustaldi polita eskaini zuten Arakisek eta Izarok eta Mendik eta Atainek hasteko, bai eta euren ondoren jokatu zuten Urri eta Ibarluzea eta Gotzon eta Mandiola gazteek ere; etorkizuna badagoela argi utzi zuten, eskolan egiten den lan bikaina bistaratuz.
Bideo berezia
Partida nagusia hasi aurretik, Chino Bengoa, Chucho Larrañaga eta Felix Espilla pilotari ohiak, Izaro Arbe pilotariak eta Miguel Angel Bilbao zesta-puntaren ikertzaileak, besteak beste, parte hartzen zuten Markina-Xemein eta zesta-puntari buruzko bideo bat eman zuten, eta hori ere gogoz txalotu zuten harmailak betetzen zituzten zaleek.
Eta azkenik, partida nagusia. Ikuskizunak merezi bezala, ikusleen ondotik igaro ziren kantxara arte lau pilotariak, txalo artean. Gorriz Arbe eta Zabala eta urdinez Barandika eta Lekerika, lehen sakea Arbek atera zuen. Hala ere, hasieratik atzean jarri ziren markagailuan Arbe eta Zabala eta ezin izan zuten Barandika eta Lekerikak erakutsitako joko ona eta elkartasuna gainditzerik eduki. Dena dela, publikoaren animorik ez zaizkien falta izan, eta momentu batean, zutik ere jarri ziren ikusleak herrikoen tantoak ospatzeko.
16 eta 30 amaitu zen partida, baina, emaitza gutxienekoa izan zen zapatuan. Jai handia bizi izan zuen zesta-puntak, eta berriz ere, aspaldiko garai izugarri haiek ekarri zituen askoren oroitzapenera. Jaialdiagaz amaitzeko, gainera, Markina-Xemeingo pilotaren Unibertsitatetik atera diren puntistak kantxara jaitsi eta argazkia atera zuten Vamos al fronton doinuaren eta publikoaren txalo zaparrada artean.
Mahai ingurua
Arratsaldeko jaialdi handiagaz gainera, zesta-puntaren historian arakatzeko aukera egon zen goizean Miguel Angel Bilbao pilotaren jarraitzaile eta ikertzaile markina-xemeindarragaz eta Alberto Prieto Calixto Orlandoko Unibertsitateko irakaslearen azalpenekin.
Felix Larrinaga pilotari ohiak aurkezpenak eginda, Zesta-puntaren historian sakondu zuen hasteko, Bilbaok, zesta-puntaren sorreraren, mundu guztiko frontoien eta pilotarien errepasoa eginez. Markina-Xemeinen zesta-puntak duen garrantzia azpimarratu zuen Bilbaok, biak bat direla esanez, eta herrian museo bat egiteko proposamena luzatu zion udalari. Jai Alai Blues dokumentala ere aitatu zuen ikertzaile markinarrak. Nahiz eta ondo egina egon,Markina-Xemein aitatu ere ez izanak samina eragin diola azaldu zuen.
Zesta-puntak AEBko gizartean eta kulturan izandako eragina azaldu zuen, ondoren, Alberto Prieto Calixtok. Jai Alaik bere herentzia utzi duela AEBtan esan zuen, «ondare ezabatu ezina». Izan ere, aitatu zuenez, Jai Alaiko irudiak Floridako zirkulazio seinaleetan ageri dira, eta beste kiroletan, nahiz eta gaur egun jendetsuagoak izan, ez da horrelakorik gertatzen.
Jai Alairen sorrera, gorena eta gainbehera azaldu ondoren, bere irudia berragertzen ari dela nabarmendu zuen, telesail eta iragarkien bidez. Beraz, publizitate eta inbertsio egokia eginez berpiztu daitekeen kirola dela adierazi zuen itxaropentsu.