Konpostaren eta bosgarren edukiontziaren inguruko tailerrak egin dituzte Ean
Organikoa biltzeko kanpainagaz bat egin dute herritar askok
“Gaur egun sortzen dugun zaborraren %16a birziklatzen da, eta Europatik datozen irizpideek diotenez, 2020rako %50a birziklatu beharko genuke”, zehaztu zuen Lopezek. Europaren apustua hondakinen gaikako bilketa dela gogorarazi zien bertan bildutakoei.
“5.edukiontzia edo kontenedore marroaia materia organikoa batzeko sistema da, eta Bizkaiko kasuan begetalak diren hondakinak bakarrik bota behar dira bertara”, azaldu zuen. Izan ere, Euskal Herriko zein Europako beste leku batzuetan, animali jatorrizko hondakinak ere biltzen dituzte, hau da, arrain zein haragi hondakinak ere erabiltzen dituzte konposta egiteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2011ko martxoan zabaldu zuen konpostegia, eta erabaki zuen bakarrik landare jatorriko hondakinak bota behar zirela bertara, eta animalitik datozenak ez botatzea erabaki zuten. “Haien arrazoia zen haragi hondakinek azidotasuna ematen ziotela konpostari, eta beraz, ez zela lortzen kalitate goreneko konposta”. Lopezek animali zein landare jatorriko hondakinekin konposta egiten dutenen adibideak eman zituen: Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Katalunian, Asturiasen, Kantabrian…
“Teorian hondakin organiko dira naturalki deskponsatzen diren elikagai guztiak, hala ere, gure kasuan honako hondakinak batuko ditugu konposta egiteko: sukaldeko soberakinak, berdurak, frutak, haziak, fruitu lehorra, sukaldeko papera (beti ere oliorik ez badu), zerealak, ogia eta harengandik eratorritakoak, infusioen poltsak, kafe hondarrak, mukizapiak ( mukirik barik), lore zein landareen hostoak eta lurra….” Bestalde, birziklatu ezin daitezkeen zenbait hondakinen zerrenda ere egin zuen Lopezek: olioa, haragia, arraina, esnekiak, erratzarekin bildutako zaborra, arrautza oskolak… “Europatik datozen irizpide guztiak bi hondakin motak aipatzen dituzte, beraz, hemen ere heldu beharko gara horretara”, zehaztu zuen.
Edukiontzi marroia
Edukiontzi marroiak asteon helduko dira Eara, konposterak, berriz, dagoeneko bertan dituzte. Bosgarren edukiontziaren erabiltzaile izango direnei zapatuan banatu zizkieten ontzi txikiak eta bio-poltsak (biodegradagarriak direnak). Etxean horietan bilduko dute zabor organikoa eta beteta dagoenean, edukiontzi marroian hustuko dute. Familia bakoitzari giltz bana banatu zaie edukiontzi marroiak zabaltzeko. Horrela, bestelako hondakinik ez egotea bermatu gura du udalak.
Edukiontzi marroiak gainontzekoak dauden lekuetan egongo dira. Halaber, frontoi atzealdean eta Jesusen elizaren atzealdean auzokonpostagailu bana ipiniko dute.
