Badator beredatziurrena
Bihar goizaldean egingo dute Gernika-Lumoko Marijesiek bederatziurreneko lehen erronda. Batutako dirua Indiako proiektu bat laguntzera bideratuko dute aurtenBihar goizaldean ekingo diote Gernika-Lumoko Marijesiek Gabonak aurreko bederatziurrenari. Hala...
Bihar goizaldean egingo dute Gernika-Lumoko Marijesiek bederatziurreneko lehen erronda. Batutako dirua Indiako proiektu bat laguntzera bideratuko dute aurten
Bihar goizaldean ekingo diote Gernika-Lumoko Marijesiek Gabonak aurreko bederatziurrenari. Hala, Gabon gauera arte, goizaldero, kalera aterako dira, kopla kantuan aritzeko.Aurten ere lau bakarlariren ahotsetik entzungo dituzte gernikarrek Marijesien koplak: Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte Itxaso ariko dira lan horretan. Lehenengo erronda bihar goizaldekoa Errenteriatik egingo dute, eta Denis Azkaratek jarriko die doinua koplei. Hala ere, Marijesien taldearen laguntza izango dute bakarlariek errondetan.
Tiloetatik eta Lurgorritik ere egingo dituzte errondak datozen bederatzi goizaldeetan. Ezagunak diren koplekin batera, aurten ere kopla barri bat berreskuratu dute Marijesiek, lehendik ondo jakindakoaren ondarea babestu asmoz. Hain zuzen ere, Pedro Bidaguren Garratza lumotarrak 1919. urtean argitara eman zuen Canta Berriak Gaboneracoac. Bederatzi egunian cantateco. Marijesiac burus euquiteco direnac izeneko liburuan agertzen den 51. kopla da aurtengo errepertorioari gehitu diotena.
Dirua Indiara
Abenduaren 24an hiru erronda egingo dituzte Marijesiek: 04:00etan, 07:00etan eta 10:00etan. Gernika erdialdetik ere ariko dira kantuan, eguna girotzen. Era berean, diru bilketa egingo dute goiz horretan, eta batzen duten dirua Indiara bideratuko dute aurten.
Hain zuzen, ADKUR-en Vedruna karmelitek hasitako proiektu bat lagunduko dite. Haurtzaindegi bat ireki zuten 2014. urtean, eta, orain, uraren sistema hobetu gura dute eskola horretan. Edateko ura jarria ahal izateko, depositoa egin gura dute lur azpian. Horrez gain, gaueko zaindariarentzat etxola bat ere eraiki gura dute.
Proiektu horretarako dirua San Fidel ikastolaren bitartez bideratuko dute.